Artea
Bitxikeria
Bi urte hanburgesa berdinari argazkia ateratzen eta oraindik berdin?
Sally Daviesek eginiko argazki esperimentu bat da. 2010ean erositako hanburgesa bati argazki bat ateratzen dio ia egunero eta interneten argitaratzen du.
-
Hanburgesaren 730. eguna. Argazkia: Sally Davies-en Flickr kontua
Sally Daviesek, New Yorkeko argazkilariak, bi urte bete ditu “Happy Meal” proiektuarekin. 2010ean otordu lasterreko kate batean erositako hanburgesa bati argazki bat ateratzen dio ia egunero eta interneten argitaratzen du. Nahiz eta jada bi urte igaro erosi zuenetik, hanburgesa oraindik ongi mantentzen da.
Argazki esperimentu hau 2010eko apirilaren 10ean abiatu zen. Daviesek McDonald’s kateko saltoki batean umeen menu bat erosi ostean hasi zen proiektua. Egun horretatik aurrera argazkilariak ia egunero argazki bat ateratzen die menu horrek dituen osagai guztiei; hanburgesari eta patata frijituei. Lan honekin, denboraren poderioz janariak nolako aldaketak jasaten dituen erakutsi nahi du eta berak janari horren inguruan duen iritzia indartu; alegia, horrelakoak ez direla batere osasungarriak.
Proiektuaren izena, “Happy Meal Project”, McDonald’s kateko umeentzako menuaren izenean oinarrituta dago, eta proiektu horri lotuta orain arte egin dituen argazki guztiak bere web orrian eta Facebook eta Flickr guneetan dituen kontuetan ikus daitezke.
Sally Daviesek duela hiru hamarkada hasi zuen bere ibilbide artistikoa eta bere artelanak hainbat telesailetan azaldu dira, “Sexo en Nueva York” ezagunean, besteak beste.