Itxi

Artea

Erakusketa

David Hockney, 'pop art' mugimenduaren eboluzioa Guggenheim museoan

XX. mendeko artista askoren eragin garbia izan zen britainiar artistaren olio-pinturak eta akuarelak daude ikusgai batez ere. Ikatz-marrazkiak eta iPad-a erabiliz egindako 50 bat lan ere badaude.

01:36
David Hockney erakusketa, Guggenheim museoan ikusgai

Guggenheim museoak David Hockney artista britainiarrari buruzko erakusketa ireki du. 1960ko hamarkadan pop-art ingelesaren artista esanguratsuenetarikoa izan zen margolari, ilustratzaile, marrazkigile eta eszenografoa XX. mendean itzal handiena utzi duen artistetako bat izan da.

Bere herrialdeko paisaiak sortzailearengan duen influentzia ikus daiteke margoetan. "David Hockney: ikuspegi zabalago bat" da erakusketaren izena eta egile britainiarraren lan berrienak biltzen ditu; Yorkshiren, Ingalaterra iparraldean, egin ditu. Estatu Batuetan hiru hamarkadaz bizi eta ibilbide artistikoa bertan egin eta gero, jaioterrira itzuli da artista, orain, bizitzera.

Londresko Royal Academy of Arts museoan izan da, erakusketa apirilaren 9ra bitartean. Ingalaterrako paisaiarekin zuen erlazioa berreskuratzen du, hainbat urtez pop-artean oinarritu ostean. 60ko hamarkadan oihartzun handia izan zuen Estatu Batuetan eta mugimendu horretako artista garrantzitsuenetariko bat izan zen Erresuma Batuan.

74 urte ditu Hockneyk, eta bizkortasun sortzaile handia du. 150 lan izango ditu erakusgai Bilbon, gehienak erakusketa honetarako sortuak. Olio-pinturak eta akuarelak daude ikusgai batez ere, baina baita ikatz-marrazkiak eta iPad-a erabiliz egindako 50 bat lan ere. 1956an, Bradforden ikasle zenean, egindako lanak eta 2000. urtera arte egindakoak daude ikusgai: horrela, artistaren eboluzio espresiboa aztertzeko aukera ematen du Guggenheimeko erakusketak. 1937an jaio zen eta arrakasta handia lortu zuen "Gazte Garaikideak" izeneko erakusketari esker. Erakusketa horretan, askoren aburuz, 60ko hamarkadako Britainia Handiko pop artea jaio zen.