Itxi

Artea

''Denontzako BBKartea''

EAEko herritarrek urriaren 13tik aurrera erreserbatu ahalko dute Guggenheim doan bisitatzeko txanda

N. V. | EITB Media

Gainera, urriaren 22 eta 23ko asteburuan Guggenheim Bilbao Museorako sarrera mundu guztiarentzat izango da doakoa. Txartel horiek ere aldez aurretik erreserbatu beharko dira, Museoaren webgunean, urriaren 18tik aurrera.

  • Guggenheim Bilbao Museoa

    Guggenheim Bilbao Museoa

Urriaren 25etik abenduaren 2ra, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi diren herritarrak sarrera ordaindu gabe sartu ahalko dira Guggenheim Bilbao Museora, horren 25. urteurrena dela eta. Nolanahi dela, bisita erreserbatu egin beharko da, urriaren 13ko 09:00etatik aurrera, museoaren webgunean edo telefono bidez (945 551 380, astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara). 

Sei astez erreserbatu ahalko dira txartelak, eta bisitak urriaren 25etik abenduaren 2ra bitartean egin ahalko dira, asteartetik igandera 10:00etatik 19:00etara. Ordu tarteak betetzen joan ahala, desaktibatu egingo da data eta ordu horiek hautatzeko aukera.

Gonbidapenak Internet bidez eskuratzeko, EAEko biztanleek beren NAN agirian agertzen den helbidearen posta kodea adierazi beharko dute, eta pertsona batek lau sarrera erreserbatu ahalko ditu gehienez. Mota horretako gonbidapenarekin doazen guztiek EAEn bizi direla egiaztatzen duen agiri bat erakutsi beharko dute museora iristean, eta "BBKartea" izenarekin identifikatutako atetik sartuko dira.

Denontzat doan, urriaren 22 eta 23an

''Denontzako BBKartea'' ekimenaz gain, urriaren 22 eta 23ko asteburuan Guggenheim Bilbao Museoak dohainik zabalduko ditu ateak mundu guztiarentzat, EAEkoa izan zein ez. Asteburu horretarako sarrera ziurtatzeko ere, aldez aurretik erreserbatu beharko dira txartelak Museoaren webgunean urriaren 18tik aurrera. Egun horietan sarrerarik gabe bertaratzen direnak tokia badago sartu ahalko dira soilik, ilaran zain egon ondoren.

Museoa asteburu horretan zein hurrengo sei aste eta erdietan bisitatzen dutenek "Sekzioak / Intersekzioak" erakusketa ikusiko dute: eraikinaren hiru solairuetan paratu dute, eta museoaren bilduma propioko obrek osatzen dute.