Itxi

Artea

Mendeurrena

Eduardo Chillida Fundazioak artistaren obra zabaldu eta ospatuko du, beraren jaiotzaren mendeurrenean

N. V. | EITB Media

2024ko urtarrilaren 10ean Eduardo Chillidaren jaiotzaren mendeurrena izango da, eta gipuzkoar artistaren familiak beraren obraren inguruko ezagutzan sakondu nahi du: erakusketak, dokumental bat, katalogo arrazoituaren zenbaki berri bat…

  • Eduardo Chillida

    Eduardo Chillida

2024. urteko urtarrilaren 10ean ehun urte beteko dira Eduardo Chillida Donostian jaio zela; 2002an zendu zen, Donostian bertan. Mendeurrenaren kariaz, Eduardo Chillida-Pilar Belzunce Fundazioak hainbat ekitaldi prestatu ditu, eta gaur aurkeztu du programazio hori, Madrilen.

"Ospakizunak erakusketak, musika, hezkuntza eta pentsamendua jorratuko dituen programa oso bat bultzatuko du, eta une bikaina izango da artistaren obra ospatzeko eta zabaltzeko", Luis Chillida artistaren seme eta Fundazioaren presidenteak azaldu duenez.

Mendeurreneko lehen zita Chillida Lekun izango da: Topalekua IV 16 tonako eskultura Hernaniko museora eramango dute Arte Ederren Bilbao Museotik, eta bertan utziko dute Bilboko museoaren lanak egiten dituzten bitartean.

Gainera, Kusthalle Krems Austriako museoak Eduardo Chillidaren lanekin herrialde horretan inoiz egin den lehen erakusketa handia hartuko du apiriletik irailera. 80 pieza erakutsiko dituzte guztira.

Chillidatarrek iragarri dute, halaber, Arantxa Aguirre madrildar zinemagileak dokumental bat egingo duela Chillida Leku sortzeko prozesuaz eta espazio horren historiaz, eta Nerea argitaletxeak Eduardo Chillida eskultorearen katalogo arrazoituaren laugarren liburukia argitaratuko du, baita lau liburukiak batzen dituen edizio mugatuko estutxe bat ere.