Itxi

Artea

Berreskuratze lanak

Aditu talde bat hondatutako 'ecce homoa' berreskuratzen saiatuko da

Borjako (Zaragoza) ecce homo-a "guztiz hondatuta" dago, andre zahar batek, konpondu nahian, gainetik margotu baitu.

01:01
Andre bat 'ecce homo' bat berriztatzen saiatu da, eta hondatu egin du

Zaharberritzaile profesionalen talde bat Elias Garcia Martinez artistaren ecce homo-a berreskuratzen saiatuko da. Borjako (Zaragoza) Errukiaren santutegian zegoen irudia "guztiz hondatuta" dago, andre zahar bat berreskuratzen saiatu ostean.

Juan Maria Ojeda Borjako Kultura zinegotziak esan duenez, zaharberritzaile talde batekin kontaktuan jarri dira, eta datorren astean joango dira udalerrira, artelanaren egoera aztertzeko eta konponbideak bilatzeko.

Ojedak jakinarazi duenez, artelana hondatu duen emakumea oso zaharra da eta "bizitza zaila" izan du. Urritasun bat duen 60 urteko semea du bere kargu, eta asmoz onez sartu omen zen elizan, lana "bere kabuz" konpontzeko.

Zaharberritzaileekin lan egingo du emakumeak, dirudienez, erabili zuen materialaren inguruko datuak beharko baitituzte. Zinegotziaren ustez, "oso zaila" izango da margolana berreskuratzea, "oso hondatuta" baitago paretan zuzenean margotutako lana.

Borjar ikasketen zentroari esker jakin genuen esku-hartzearen berri, margolanaren aurreko eta osteko argazkiak erakutsi baitzituen. Gainera, ekintza "sailkaezina" dela esan dute eta "atsekabetuta" azaldu dira.

"Ez dakigu ekintza honek konponbiderik duen, baina ziur gaude horrelakoak berriz gerta ez daitezen neurriak hartu behar direla. Gaitzesten dugu, zergatik egin zuen jakin gabe", adierazi dute zentroko arduradunek.

Badakite zaila izango dela margolana berreskuratzea, denboraren eta hezetasunaren poderioz hondatuta baitzegoen aurretik ere.