Artea
Polemika
'Iseka saihesteko' Ecce Homo estaltzea eskatu du Borjako parrokoak
Erredakzioa
Cecilia Jimenez margolana zaharberritu zuen auzokidea ohean da, kezkak jota. "Apaizak bazekien, ez nuen ezkutuan egin", azpimarratu du andreak.
-
81 urteko emakumezko batek Borjako Ecce Homo "zaharberritu" zuen. Argazkia: EITB
Berriro zaharberritu arte eta "iseka saihesteko" Errukien Santutegiko elizako Ecce Homo margolana estaltzea eskatu dio Florencio Garces Borjako udalerriko parrokoak herrialdeko alkateari. Halaber, Zaharberritzaileen Elkarteak "zaintza handiagoa" eskatu du, "artelanak hondatzen dituzten ustezko zaharberritzeak ekiditzeko".
Apaiz honen arabera, Ecce Homo margolanaren zaharberritzeak "espero ez genuen mugak gainditu ditu". "Askok ez zuten ezta margolana ezagutzen ere", esan du parrokoak.
Florencio Garcesek Ecce Homo "zaharberritu" zuen auzokideari babesa eskaini dio. "Kezkak jota ohean egon da baina onik dago", azaldu du. "Borjako herriak ere babesa erakutsi dio, eta auzi honen ika-mikak sumina piztu du auzokideengan", adierazi du.
Parrokoak emakumezkoak esandakoa ukatu du. "Nik ez nekien ezer. Artelana margotzea Ceciliaren erabakia izan da", azpimarratu du, "nik ez dut emakumea lan egiten ikusi, nik meza eman ohi dut eta banoa".
Sinaduren bilketa
Ecce Homo margolana dagoen bezala uzteko eskatzeko sinadurak biltzen hasi da erabiltzaile bat Interneteko change.org plataformaren bitartez. Ordura arte, 1.500 sinadura bildu dituzte.