Artea
Artelanak
120 obra gehitu ditu Artiumek bere bildumara, bi urtean
N. V. | EITB Media
Azkenaldian eskuratu dituen obren lagin bat museoan ikusgai jarriko dute apirilaren 27ra arte. 34 pieza erakusketetan izandako artistei erosi dizkie Artium Fundazioak, 31 obra dohaintza eman dizkiote eta 55 obra Eusko Jaurlaritzak sustatzen duen Bilduma Partekatua programakoak dira.
-
"Izenbururik gabe" (Raúl Domínguez) da artelanetako bat
Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoa-Artium Museoaren bilduman 65 obra sartu dira 2023-2024 biurtekoan zehar: museoaren erakusketa egitarauaren parte izandako 15 artistaren 34 margolan, eskultura, instalazio, argazki eta bideo eskuratu ditu Fundazioak (Carolina Caycedo, Alejandro Cesarco, Rafael Lafuente, Rosalind Nashashibi, Julia Spínola, Isidoro Valcárcel Medina…) eta partikularrek 20 artistaren 31 obra eman dizkiote dohaintzan Fundazioari: Txaro Arrazola, June Crespo, Alejandro Garmendia, Agustin Ibarrola, Jesus Mari Lazkano, Nerea Lekuona, Juan Luis Moraza…
Gainera, 55 obra gehiago sartu dira museoaren Bilduman, Eusko Jaurlaritzak sustatzen eta Artium Museoak, Tabakalera KGNZk eta Arte Ederren Bilboko Museoak lankidetzan koordinatzen duten Bilduma Partekatua programaren bidez. Hala, Bilduma partekatua kontuan hartuta, 120 artelan sartu dira 2023an eta 2024an, guztira.
Erakusketa
Museoak A1 aretoan ikusgai jarri du azken 5 urtean eskuratutako obren sorta hautatu bat, apirilaren 27ra arte. Artista hauen lanak bildu dituzte horretarako: Rosalind Nashashibi, Maria Franciska Dapena, Erlea Maneros Zabala, Oscar Dominguez, Moyra Davey, Maddi Barber eta Marina Lameiro, Raul Dominguez, Oscar Tuazon, June Crespo…