Itxi

Artea

44. edizioa

Euskal Herriko bi galeriak hartuko dute parte ARCOmadriden

N. V. | EITB Media

Guztira, 214 galeria izango dira Madrilgo topagunean. Lehenengo hiru egunetan sektoreko profesionalei bideratuta egongo dira jarduerak, eta ostiraletik aurrera publiko orokorra ere sartu ahalko da.

  • Carreras Mugica bilbotar galeriaren erakustokia, ARCOmadriden

    Carreras Mugica bilbotar galeriaren erakustokia, ARCOmadriden

Euskal Herriko bi galeriak parte hartuko dute, gaurtik (asteazkena, martxoak 5) aurrera, ARCOmadrid arte garaikideko azokan. Carreras Mugica Bilboko galeria azokaren programa orokorraren barruan dago, eta Villa Magdalena, Cy Schnabel komisario eta idazleak 2020an Donostian sortutakoa, lehenengoz, Opening galeria berriei eskainitako atalean.  

Halaber, hogei euskal artistak beste galeria batzuetan erakutsiko dituzte beren lanak ARCOn: Sahatsa Jauregi (The Ryder galeria); June Crespo (Ehrhardt Florez galeria); Nora Aurrekoetxea (Juan Silio galeria); Ines Medina (Jose de la Mano galeria); Mari Puri Herrero (Alvaro Alcazar galeria); Juan Luis Moraza, Manu Muniategiandikoetxea eta Bene Bergado (Espacio Minimo galeria); Esther Ferrer eta Itziar Barrio (Angels galeria); Asier Mendizabal (Projects D galeria); Esther Ferrer (1 Mira galeria); Ibon Aranberri eta Francisco Ruiz Infante (Elba Benitez galeria); Josu Bilbao eta Itziar Okariz (Et Hall galeria); Elena Aizkoa (Rosa Santos galeria); Karlos Martinez Bordoy (Formato Comodo galeria); eta Nahia del Castillo (Stand Prado Museoa).

Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak azaldu du Madrilgo beste erakusketa-zentro batzuetan ere izango dela euskal arteaz gozatzeko aukera.  

Ibone Bengoetxea Kultura sailburu eta lehen lehendakariordeak bisitatu ditu Bilbon finkatutako June Crespo nafarraren "Solar" lana Ehrhardt Florez galerian (martxoaren 6tik apirilaren 4ra); Gema Intxausti gernikarraren "The Illicit Meeting" lana, Bilboko La Taller erakusketa-espazioarekin elkarlanean, Nadie Nunca Nada No galerian (martxoaren 5ean eta 6an, aldez aurreko hitzorduarekin); eta Nora Aurrekoetxea bilbotarraren lana Juan Silio galerian, "Misty Floors Wet Skies" (otsailaren 1etik martxoaren 29ra).  

ARCOmadrid asteazkenetik igandera egingo dute, eta aurten Amazonasi begiratuko dio bereziki, bildumagileei arreta berezia jarriko die eta galeristen protesta bat hartuko du; Espainiako Estatuan artelanen salerosketetan BEZa % 21etik % 5 edo 6ra —Europako batez besteko mailara— jaistea eskatuko dute.  

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Artea
  • Kultura