Itxi

Artea

Hedapena

2026ko ekainaren 24an irekiko dute Arte Ederren Bilboko Museo berritu eta handitua

N. V. | EITB Media

Agravitas proiektua gauzatuta, museoak 5.000 metro koadro gehiago izango ditu, eta orain arteko 2.250 metro koadroak berriztatuta agertuko dira.

0:29
Arte Ederren Bilboko Museoko lanak

2026ko ekainaren 24an irekiko dute Arte Ederren Bilboko Museo berritua, Agravitas Norman Foster eta Luis Maria Uriarte arkitektoen proiektua gauzatuta, museoaren arduradunek gaur iragarri dutenez.

Bilduma propiorako eta aldi baterako erakusketetarako espazioa handitzea da proiektuaren erronkarik handienetako bat. Bildumak 1.635 m2 gehiago izango ditu (egungo espazioak baino % 45 gehiago) eta aldi baterako erakusketek, BBK-Museoa espazio berria izango dute: 2.200 m2-koa izango da, eta gaur egungo erakusketa-azalera bikoiztuko du.

Miguel Zugaza museoaren zuzendariak, kazetariak eta erakundeen ordezkariak, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua, Elixabete Etxanobe Bizkaiako ahaldun nagusia eta Juan Mari Aburto Bilboko alkatea buru, gidatu ditu gaur, asteazkenarekin, museoko lanetan zehar.

Museoa handitzeko lanak 2022ko azaroan hasi zituzten, eta inaugurazio ekitaldien egitaraua datorren urteko urriaren 5era arte luzatuko dute.

Horrez gain, irailean erakusketa guztiak 1970eko eraikinera eramatea aurreikusi dute, Alvaro Libano eta Ricardo Beascoa arkitektoek eginiko espazioa zaharberritzeko lanak bukatuta betiere.

Behin Agravitas egitura metalikoaren "eskeletoa" altxatzeko lanak burututa (espero baino luzeago joan dira, eraikitze-lanetan ari zen enpresa batek porrot egin baitzuen), betetze-lanak egingo dituzte hurrengo asteetan: argiteria, klimatizazioa eta aluminiozko eta beirazko bilgarria eraiki.