Itxi

Bertsolaritza

Txapelketa Nagusia 2013

Jon Martin finalerdietarako sailkatu da

Erredakzioa

Ozta-ozta lortu du lehen postua, izan ere, Alaia Martin arrebak baino puntu bat gehiago eskuratu du.

  • Jon Martin bertsolariak finalerdietarako txartela lortu du. Argazkia: Gari Garaialde

    Jon Martin bertsolariak finalerdietarako txartela lortu du. Argazkia: Gari Garaialde

Jon Martinek irabazi du Villabona-Amasan jokatu den Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen kanporaketa, eta, honenbestez, finalerdietan kantatzeko txartela lortu du. Hala ere, lehen posturako lehia oso estua izan da, izan ere, Jon Martin eta Alaia Martin anai-arreben artean puntu bateko aldea soilik egon da.

Irabazleak 654 puntu eskuratu ditu, eta haren atzetik sailkatu dira, hurrenez hurren, Alaia Martin (653 puntu), Nerea Elustondo (639,5), Odei Barroso (632), Fredi Paia (631,5) eta Iker Zubeldia (607,5).

Aldez aurretik sarrera guztiak salduta zirela, 970 bertsozalek bete dute Amasa-Villabonako Olaederra kiroldegia. Antolatzaileek bereziki eskertu nahi izan dute Amasa-Villbonako Udalak eta herriak bertsolaritzari ematen dioten babesa, baita Harituz Bertsozaleen Bilguneak saioa antolatzeko emandako laguntza ere.

Gaur lortu duen lehen postuari esker, Jon Martin azaroaren 9an Gernika-Lumon jokatuko den finalaurrekoan arituko da oiartzuarra, Amets Arzallus eta oraindik erabakitzeke dauden beste lau bertsolarirekin batera.

Finalerdietara 24 bertsolari helduko dira; 17 aurreko fasetik datozenak eta 2009ko edizioko zazpi finalistak, betiere, izena eman badute. Final handian bertsotan aritzeko aukera, berriz, beti bezala, zortzi bertsolarik izango dute: 2009ko txapelduna, Maialen Lujanbio, zuzenean sailkatuko da, eta gainerako zazpiak finalaurrekoetatik puntuazioz sailkatuko dira.

Finalera bidean hurrengo geltokiak Markina, Hendaia, Altsasu, Legazpi, Oion, Gernika, Tolosa, Oiartzun, Murgia, Elizondo, Donostia eta Maule izango dira. Finala, berriz, abenduaren 15an, Barakaldoko BECen jokatuko da.

Bigarren kanporaketa

Markina-Xemeinen jokatuko da Bertsolari Txapelketa Nagusiko bigarren kanporaketa. Saioa hurrengo larunbatean, hilaren 5ean, izango da, 17:30ean, udal pilotalekuan. Sei bertsolari arituko dira: Agin Laburu, Arkaitz Estiballes, Beñat Ugartetxea, Eneko Fernandez, Jone Uria eta Onintza Enbeita.

Markina-Xemeingo kanporaketako sarrerak dagoeneko salgai daude.

eitb.com-ek eta ETBk, jarraipen zabala

Hitzetik Hortzerak final laurdenen laburpenak eskainiko ditu, igandero, 15:00etan, eta astelehenero, 23:15ean. Finalerdiak osorik emango dira ETB HDn eta eitb.com-en , bereizmen handian. Abenduaren 15eko finala zuzenean izango da ikusgai atari honetan eta ETB1en