Bertsolaritza
Bertsolari Txapelketa Nagusia
Bertsolari Txapelketa nagusiko finalaurrekoak gaur hasiko dira
Erredakzioa
Zazpi finalerdietako lehena gaur izango da Gernika-Lumon, eta bihar, aldiz, Tolosan. Sarrera guztiak jada agortuta daude.
Bertsolari Txapelketa nagusiak gaur ekingo dio finalaurrekoen faseari. Zazpi egingo dira guztira, eta lehenengoa gaur egingo da Gernika-Lumon, 17:30etan.
24 bertsolarik kantatuko dute zazpi finalerdietan. Asteburu honetan bi finalerdi jokatuko dira, gaur Gernika-Lumon eta bihar Tolosan. Bi saioetarako sarrera guztiak Internetez saldu dira, beraz, leihatilak ez dituzte irekiko. 17:30etan hasita, sei bertsolari hauek kantatuko dute gaur Gernika-Lumon: Amets Arzallus, Jokin Uranga, Jon Martin, Jone Uria, Julio Soto eta Nerea Elustondo.
Biharko Tolosako finalerdirako ere, sarrera guztiak salduta daude, eta ez dira leihatilak irekiko. Bertan kantatuko dute Amaia Agirre, Etxahun Lekue, Iñigo Manzisidor Mantxi, Jexux Mari Irazu, Unai Iturriaga eta Igor Elortza bertsolariek.
Finalerdiak jokatuko dituzten 24 bertsolari horietatik, zazpi pasatuko dira finalera. Maialen Lujanbiorekin batera, zortziko handia osatuko dute, eta abenduaren 15ean izango den BECeko finala jokatuko dute.
Gaur Gernika-Lumon botako dituzten bertsorik onenak eta bertsolarien iritziak eskainiko ditu bihar Hitza Jolas bertso irratsaioak, 14:00tatik aurrera.