Bertsolaritza
46. edizioa
Jolaserako gonbita egin du Bertso Egunak larunbaterako
Erredakzioa
Hiru ekitaldi prestatu dituzte Donostian Bertso Egunerako: goizean kalez kale ibiliko dira bertsolariak, arratsaldean Kursaalek ekitaldi nagusia hartuko du eta gauean afaria eta festa egongo dira.
Bertso Egunak berrogeita seigarren edizioa izango du datorren larunbatean, hilak 31, eta egun osorako ekitaldia prestatu dute Donostian Udalak eta Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak, Kutxaren eta EiTBren laguntzarekin.
1968tik, urtero-urtero Donostian egin da Bertso Eguna, 1970. eta 1980. urteetan izan ezik. Aurten, bertsolariei jolaserako proposamena egingo zaie, "serio jolasteko gonbita".
12:00etatik aurrera, Donostiako kaleetan, Bretxan, Konstituzio plazan eta Ikatz kalean, bertsolari mordo bat egongo da: Amaia Agirre, Iñaki Zelaia, Eneko Fernandez, Arrate Illaro, Xabi Igoa, Nahikari Gabilondo, Ander Elortegi, Unai Gaztelumendi eta Maddalen Arzallus.
18:00etan, Kursaaleko Areto Nagusiak eguneko ekitaldi handiena hartuko du. Hamabi bertsolari izango dira: Unai Iturriaga, Unai Agirre, Nerea Ibarzabal, Alaia Martin, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Nerea Elustondo, Eneko Lazkoz, Onintza Enbeita, Sustrai Colina, Andoni Egaña eta Amets Arzallus.
21:00etatik aurrera, afaria eta festa izango dira Manteo kiroldegian. Bat-bateko saioetan arituko dira kantuan Jone Uria, Beñat Gaztelumendi, Xebastian Lizaso, Irati Anda eta Fredi Paia. Ondoren, Bat-batean ikuskizuna izango da, Oskar Estangaren eskutik.
Sarrerak
Afaritarako sarrerak salgai daude oraindik, eta ekitaldirako 500 sarrera gelditzen dira.
Ostirala bitartean, Bertso Sarrerak webgunean erosi daitezke.