Itxi

Bertsolaritza

Iragarpena

Xabier Amurizak bertsolaritza utziko du

eitb.eus

Etxanoko bertsolari eta idazleak bertsolaritzari utziko diola iragarri du “Faktoria” Euskadi Irratiko saioan, 75 urte bete dituen egunean.

Xabier Amuriza bertsolariak plazarik plaza bertsoak kantatzeari utziko diola iragarri du.

Legazpin, Bilbon eta Altzon berriki eginiko bertso saioak inoiz plazan egindako azkenak izan direla esan du Xabier Amurizak "Faktoria" Euskadi Irratiko saioan, 75 urte bete dituen egunean.

1941eko maiatzaren 3an jaio zen Amuriza, Zornotzan (Bizkaia). 1965ean, apaiz egin zen, eta, 1968tik aurrera, zazpi urte egin zituen preso, hiru espetxealditan. 1976an utzi zuen apaizgintza.

Politikagintzan urte askoan jardun du, eta, horrez gain, idazle, kazetari, irakasle eta bertsolari lanetan aritu izan da. Gainera, bi aldiz izan da Euskal Herriko bertsolari txapelduna: 1980an eta 1982an. Gainera, bertsolaritzari haize berria ekarri zizkion forman eta edukian, nola neurri eta doinuetan hala hizkera eta metafora multzoan. Hori dela eta, bertsolaritza modernoaren zutabe argienetakoa da.

Halaber, hamaika liburu ere argitaratu ditu Amurizak, bertsolaritzari buruz zein literatura eta saiakera arlokoak.

Nahiz eta plazak utzi, Amurizak sortzen jarraituko du, batez ere idazten. Maiatzaren 19an, esaterako, "Zein ongi bizi zen Ulises. Dibertimendu airoso bat" irakurraldia egingo du Bidebarrieta Bilboko liburutegian, eta Mikel Markez musikariarentzat hitzak idazten dihardu.