Bertsolaritza
Bertsolaritza
Bertxoko Sariketa eta Zornotzako finalerdia Hitzetik Hortzeran
Erredakzioa
Franck Dolosor kazetariak 'Matxin Irabola Senpereko bertsularia' liburua aurkeztuko du platoan.
Trebiñuko Askartza sagardotegian kanpoko izotzak kentzeko moduko giro beroa izan zuten Bertxoko Sariketako finalean. Festa giroko azken saioan Manex Agirreren esanetara kantatzeko sailkatuak hauexek izan ziren: Jone Uria, Julio Soto, Ainhoa Mujika, Asier Azpiroz, Ander Solozabal eta Odei Barroso. Saioa goi-goitik hasi zuten kanta ezagunen doinutan, agur xelebre askoekin eta, gero ere, ez zuen behera egin giroak. Azkenean Julio Sotori jatzi zioten txapela.
BECerako pasea patrikaratu du Miren Amurizak Zornotzan
Berriz ere jendetza batu da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bigarren finalerdian. Eneko Abasolo Abarkas, Miren Amuriza, Iratxe Ibarra, Peio Ormazabal, Arkaitz Estiballes eta Arrate Illaro kantuan aritu ziren Zornotzako Zelaieta zentroan. Amurizak irabazi zuen finalerako postua, eta Gernikako finalaurrekoan zer gertatuko zain egon beharko dute Estiballes, Abarkas eta Ormazabalek. Saioko kronika Ilaski Serranok sinatu du asteon Hitzetik Hortzerarako.
Franck Dolosor gonbidatu solaserako
Matxin Irabola lapurtar bertsolari handiaren biografia argitaratu berri du Franck Dolosor Senpereko kazetariak. Irabola bertsolari handia izan zen, 50.000 lagunen aitzinean kantatu zuen 1933an Donostian ospatutako Aberri Egunean, eta 1935ean lehendabizikoz jokatu zen Bertsolari Txapelketan bigarren egin zuen Inazio Eizmendi Basarriren gibeletik. Berriki aurkeztu dute Matxin Irabola Senpereko bertsularia liburua Bertsularien Lagunak elkartearen egoitzan, Senpere bertako Larraldea etxean. Bertso saio ederra egin zuten zita horretan Fermin Mihurak, Mixel Aire Xalbador IIk, Amets Arzallusek eta Sustrai Colinak. Irabolari buruz egindako ikerketa lanaren eta aurkezpen jaialdi horren inguruan mintzatzera heldu da Hitzetik Hortzerako platora Dolosor.
Peña Atkinson-i Zappingean eta Lazkano-Agirre Suarez-Pelipitori zuri-beltzean
Bertso derbya izango da artxiboko entresakan: 1991ko urtarrilean Zegaman egindako bertso jaialdi mundiala berreskuratuko dute Zapping atalean. Anjel Mari Peñagarikano suharki aritu zen Realak fitxatu berri zuen Dalian Atkinson aurrelari ingelesaren parrandazaletasuna salatzeko Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso realzaleen aurrean. Zuri-beltzekoan pare bat ale gozagarri: Joxe Mari Iriondok gaia emanda, Adolfo Suarezi eta Felipe Gonzalezi kantatu zieten Joxe Agirre eta Imanol Lazkanok 79an Aian
Horiek denak, eta gehiago, igandean, 21:00ean, etb1n. Eta, oso-osorik, lehenagotik ikusgai eitb.comen.