Bertsolaritza
Larunbatean
Zortzi bertsolariak, Bizkaiko finalerako gertu
eitb.eus
Larunbatean, 17:00etatik aurrera, Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finala jokatuko da Bilbao Arenan. eitb.eus-en eta ETB4n zuzenean jarraitu ahalko da.
Abenduaren 15ean, larunbatarekin, Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finala hartuko du Bilbao Arena kiroldegiak. Txapelaren bila lehiatuko dira Etxahun Lekue, Jone Uria, Miren Amuriza, Nerea Ibarzabal, Onintza Enbeita, Xabat Galletebeitia, Eneko Abasolo ‘Abarkas’ eta Aitor Bizkarra.
Zortzi finalistek agerraldia egin dute gaur, kazetarien aurrean, eta “gogotsu” eta “etxeko lanak eginda” daudela azaldu dute. Larunbatean 17:00etatik aurrera eitb.eus-ek eta ETB4k zuzenean eskainiko duten saioa bukatutakoan. jakingo dugu nork hartuko dion lekukoa Etxahun Lekue txapeldunari.
Apirilean txapelketaren lehen fasea abiatu zenetik, 78 bertsolarik hartu dute parte bertan guztira, eta, hogeita bat saioren ondoren, zortzi arituko dira finalean nor baino nor gehiago. Aitor Bizkarra izango da finalean debuta egingo duen bakarra.
Jon Enbeitak jarriko du txapela
Jon Enbeita bertsolariak jantziko dio txapela 2018ko Bizkaiko Bertsolari Txapeldunari, antolatzaileek hala erabakita.
Bilbao Arenako ateak 15:30ean irekiko dituzte, eta Bizkaiko Bertsozale Elkarteak garraio publikoan joatea gomendatu du. Sarrerak salgai daude, 18 euroko prezioan.