Itxi

Bertsolaritza

50. edizioa

Bertso Eguna urtarrilaren 26an izango da, Barañainen

Agentziak | Erredakzioa

Berrogeita hamargarren ediziorako sarrerak salgai daude, eta arratsaldeko emanaldian Beñat Gaztelumendi, Julio Soto, Maddalen Arzallus, Maialen Lujanbio eta Xabat Gallatebeitia arituko dira.

  • Bertso Eguna 2018

    Bertso Egunaren aurreko edizioa Mungian izan zen. Argazkia: Xenpelar Dokumentazio Zentroa.

Bertso Eguna 2019ko urtarrilaren 26an ospatuko da, Barañainen, eta bazkarirako zein arratsaldeko emanaldirako sarrerak eskuragai daude jada. 50. Bertso Eguna izango da, eta Bertsozale Elkarteak, Barañaingo Udalak eta Barañaingo Bertso Eskolak antolatu dute.

Bazkaria Barañaingo udaletxearen aurrean jarriko duten karpan izango da, 15:00etan, eta emanaldia auditoriumean, 19:00etan, Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez.

Beñat Gaztelumendi, Julio Soto, Maddalen Arzallus, Maialen Lujanbio eta Xabat Gallatebeitia bertsolariak igoko dira oholtzara kantuan, eta bertso eskola izango da emanaldiaren haria.

Halere, egun osoko egitaraua izango da, eta goizean zehar ere izango da zer egin. Horrela, 11:00etan, "Enkarguz" emanaldiaz gozatzeko aukera izango du Alaitz ikastetxean; Andoni Egañaren eta Xabi Zabalaren emanaldi berria da, eta sarrera doakoa izango da.

Eguerdian, poteoa izango da Barañaingo tabernaz taberna, eta 12 bertsolari ariko dira bidean kantari: Aitor Servier, Alaia Martin, Andoni Egaña, Arrate Illaro, Eli Pagola, Gorka Pagonabarraga, Mikel Lasarte, Miren Artetxe, Saioa Alkaiza, Sarai Robles, Unai Iturriaga eta Xabi Igoa.

Aurten, gainera, Bertso Eskolen Egunak eta Bertso Egunak bat egingo dute egun horretan, urtarrilaren 26an.