Bertsolaritza
Asteburu honetan
'Emozioen surfaz' arituko da Amaia Vazquez, Hitzetik Hortzeran
Sarako saio esperimentala eta Loiuko Txarriboda eta Nafarroako Txapelketan ari diren bertsolariekin egindako erreportajea ere erakutsiko dituzte.
Inertziak erantzi, garena jantzi izenaz egiten ari diren Bertsolamintza jardunaldiak Saran abiatu dira eta han izan da Hitzetik Hortzera. Eric Dicharry, Andoni Egaña eta Amaia Vazquezen hitzaldien ostean saio esperimentala egin zuten Sebastian Lizaso, Miren Amuriza, Maialen Lujanbio eta Anjel Mari Peñagarikanorekin. Gaiak elkarlanean jarri zituzten Andoni Egañak eta Amaia Vazquezek. Vazquez psikologoa eta sexologoa da, baita bertsozale handia ere. Inprobisazioaren gozamena: oholtzako bertsolaria nola askatu proiekzioetatik eta unean unekoa gozatu izeneko hitzaldian eskaini zituen gakoak eta saio esperimentalean proposatutako ariketen zergatia azalduko dizkio Jon Artano aurkezleari. Bertsolariek gozamenera eta plazerera iristeko emozioen gainean surfa egiten ikasi behar dutela uste du Vazquezek.
Azken txarriboda Aurregoitin
Loiuko Lauroeta auzoan, sanmartinetatik atzera astebururo eskaintzen dituzte txarriboda oturuntzak. Txarriboda sasoia bertso-afari batekin burutzeko ohitura ere badute eta aurten Etxahun Lekue eta Arkaitz Estiballes aritu dira bertan. Ia 100 lagun bildu ziren buzkantza, xolomoa, giharra eta abar dastatu eta bertsoak entzutera, eta behin eta berriz jarri zituzten algara batean bertsolari biek.
Bertsolari nafarrekin solasean
Nafarroako Bertsozale Elkarteak sustatuta Arkaitz Goikoetxeak bikoiztu egin ditu aurten lanak eta iaz arte Lekunberrin egiten aritu den jarduna Oronozen ere abiatu du aurten. Bi herri horietako bertso eskoletan Nafarroako Txapelketan ari diren bertsolari asko biltzen dira astean birritan. Bilguneotako martxa nolakoa den jakiteko bisitan joan bietara eta erreportajea ondu dute HHn. Oronozera bidean Lesakan ere gelditu dira Xabier Silveirarekin mintzatzeko. Silveirak ez zuen iaz txapelketan parte hartu eta hilabete batzuk iraun duen isilaldiaren ostean bertsotarako grina piztuta berragertu da lehian, sei aldiz txapeldun izana.
''Plater hegalariak''
Zuri-beltzekoan 1975eko bertsoaldi bat, Zarautzen jasoa. Patxi Barberok hala aginduta ''''OVNIs deritzan, plater hegalariez'''' kantatu zuten Lazkao Txikik, Joxe Lizasok eta Imanol Lazkanok. Eta Zappingean Xabier Euzkitze eta Andoni Egaña haur batentzako izenagatik disputa ederrean. Gainera, bertsoa.com-ek utzita HITZAren alde Gernikan egindako saiotik bertsoaldi bat ere emango dute, Miren Amurizak eta Andoni Egañak egindakoa.
Igandean, 21:00etan, ETB-1en. Eta bezperatik ikusgai eitb.com-en.