Bertsolaritza
Aste honetan
Belfastko bertso-dinnerra eta Le Bukowskyko saioa, Hitzetik Hortzeran
Hitzetik Hortzera
Joxan Tolosak eskuz banakakoa irabazi zuenekoa oroituko dute, eta Irizar ahizpekin batera G PUNTUko lehen faseaz arituko dira.
Itziar eta Ihintza Irizar, ikus-entzunezko komunikazioa ikasitako bi ahizpa gazte, dira Hitzetik Hortzeraren fitxaje berriak. Donostiarrak sortzez eta itziartarrak bihotzez, aspalditik dira bertsozaleak. Neska adoretsu biok osatuko dute aste honetan abiatu den G PUNTUko lehen faseko grabazio taldea. Aste honetako saioan bertsolaritza nola bizi duten eta Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako grabatzaile izateko aukera nola sortu zaien azalduko diote Jon Artano aurkezleari. Eta aurrerantzean, astero-astero txandatuz, G PUNTUAren berri emateko atal propioa izango dute Irizar ahizpek Hitzetik Hortzeran.
Galdutako zapatak eta hamaika hizkuntza dakizkien gizona
IV. bertso-dinnerra mundiala izan da. Amets Arzallus eta Andoni Egañaren bertso-poteoan eta bertso-bazkarian egoteagatik ehun eta gehiago lagun elkartu dira Belfasten Irlandako beste lekuetatik, Ingalaterratik, Galestik, Eskoziatik eta Euskal Herritik joanda. Han izan dira HHko kamerak eta programak propio antolatutako zozketan irabazle suertatu diren Joxe Arizkorreta eta Aitor Irastorza legazpiarrak ere. Festa biribila izan da eta galanki gozarazi diete bertsolariek bertan bildutakoei. Arzallus eta Egaña ez ziren aspertu elkarri ziria sartzen. Batik bat dinner-aren bezperan zapata pare berria galdu zuelako hendaiarrak.
Cultúrlann, eliza izandako kultur etxean egindako bazkarian baziren irlandarrak ere. Tartean zen Pat Rice. Euskal Herria eta bertsolaritza asko maite ditu Ricek. Gizon harrigarria da, besteak beste, hamaika hizkuntzatan mintzatzeko gai delako, tartean euskaraz. Lizartzan egin ohi ditu egonaldiak Ricek baina oraingoan Euskal Herrira etorri behar izanik gabe disfrutatu ahal izan du bertsolaritzaz bertatik bertara, eta bere hitzak ere agertuko dituzte igandeko saioan.
Alkandora, soinu, aurpegi eta kopla gorriak
Tabernako barrunbeak zalez lur-estali eta argi gorriztaz blaituta zeudela taularatu zen bertsolari laukote elegantea Le Bukowskyn: Jon Martin, Arkaitz Oiartzabal Xamoa, Beñat Gaztelumendi eta Jokin Labayen, laurak alkandora gorri eta praka beltzez jantzita. Haritz Casabal gai-jartzaile zutela ekin zioten saioari. Hasieratik beroa zen giroa eta bertso-saio ederra atera zen. Urte eta erdi pasatxoko ibilbidea egina duen Egiako bertso eskolak antolatu zuen emanaldi hura. Bertso-jarduna dotoreziaz bildu zuten musikariek: baxuarekin Unai Arzamendi, gitarrarekin Imanol Ugarte, eta saxoarekin Eneko Sierra aritu ziren.
Izerdiz eta odolez irabazitako txapela
Aste honetan beteko dira 22 urte Joxean Tolosa pilotari handiak buruz buruko txapela jantzi zuela. 1989ko maiatzaren 7an Anoetan jokatu zuten partida betiko geratu da pilotazaleen gogoan. Errenkadan irabazi zituen azken bederatzi txapelak Julian Retegik eta garaitezina zirudien. Tolosak eta biek jarraian elkarren kontra jokatu zituzten lau finaletan hirugarrena izan zen hura eta norgehiagoka epikoa izan zen. Eskuin eskuko hatzamar bat lehertuta, odoletan zuela, herioan lortu zuen amezketarrak gailentzea. Finala bukatu baino ez, ikusi berri zutenaz bertso kantari jarri zituzten Euskadi Irratikoek Joxe Agirre eta Joxe Luix Gorrotxategi. Eta bi bertsolarien aleak partida hartako irudiekin jantziz osatu dute asteon artxiboko-atala.
Igandean, 21:00etan, etb-1en. Eta aurretik ikusgai eitb.com-en.