Itxi

Bertsolaritza

Txapelketak

Hemen dira azkenean Nafarroako eta Bizkaiko bertsolari txapelketak

N. V. | EITB Media

Larunbat-igandeetan hasiko dira bertsolariak txapelaren bila kantuan kantuan: nafarrak larunbatean Izaban, eta bizkaitarrak igandean Durangon.

  • 2019ko Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Argazkia: Nafarroako Bertsozale Elkartea

    2019ko Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Argazkia: Nafarroako Bertsozale Elkartea

Uste baino beranduago, baina hemen dira azkenean Nafarroako eta Bizkaiko bertsolari txapelketak, koronabirusaren ondorioz atzeratu behar izan eta gero. 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa larunbatean, urriak 2, abiatuko da, Izaban, eta Bizkaikoa igandean, urriak 3, Durangon.

Erronkaribarreko herriak lehenengoz hartuko du Txapelketako saio bat. Herriko zineman kantatuko dute, 17:30etik aurrera, Julen Zelaieta Iriartek, Eneko Fernandez Maritxalarrek, Endika Legarra Nuinek, Patxi Castillo Graciarenak, Aitor Irastortza Arrizurietak eta Idoia Granizo Uribarrenak. Nafarroako Bertsozale Elkartetik jakinarazi dutenez, gainera, Nafarroako Gobernuak egindako iragarpenen ondorioz, ez da aforo mugarik izango.

Saioko irabazleak zuzenean lortuko du finalerdietarako txartela, eta gainerakoek final laurdenen fasea amaitu arte itxaron beharko dute aurrera egingo ote duten jakiteko.

Finala azaroaren 28an izango da, Iruñean, Anaitasuna kiroldegian.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa

Bestalde, Bizkaiko Bertsolari Txapelketa igandean, urriak 3, hasiko da, Durangon, San Agustin Kulturgunean, 17:00etan. Sei kanporaketa, hiru finalaurreko eta finala etorriko dira gero, azken hori abenduaren 18an.

Durangoko saioan, Ander Elortegi Garatea, Asier Galarza Garai, Beñat Bilbao Landa, Ibon Ajuriagojeasakoa Garmendia, Inazio Vidal Gurrutxaga eta Iruri Altzerreka Martinez izango dira nor baino nor gehiago. Irabazlea zuzenean sailkatuko da finalaurrekoetara, eta besteek final laurdenak bukatu arte itxaron beharko dute.