Itxi

Bertsolaritza

Irailak 28-abenduak 20

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa Urdulizen hasi eta Bilbon, Casillan, bukatuko da

N. V. | EITB Media

Nerea Ibarzabal Bizkaiko azken bi txapelketen irabazleak parte ez hartzea erabaki du. Finalaurrekoak bi bueltatara jokatuko dira oraingoan: lehenengoan hiru saio izango dira, eta bigarrenean, bi.

  • Nerea Ibarzabal azken bi Txapelketen irabazleak ez du aurtengoa parte hartuko

    Nerea Ibarzabal azken bi Txapelketen irabazleak ez du aurtengoa parte hartuko

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa irailaren 28an hasiko da, Urdulizen, eta abenduaren 20an bukatuko da Bilbon, Bilbao Arena azken urteotako agertokian barik, Casilla kiroldegian, Bertsozale Elkarteak gaur Bilbon egindako ekitaldi batean azaldu duenez.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa egitura berritu egin dute antolatzaileek, eta finalaurrekoak bi bueltatara jokatuko dira. Hiru fase egongo dira, beraz, orain arte bezala: lehenengo fasean bost saio jokatuko dira; finalaurrekoen lehenengo bueltan hiru saio, bigarren bueltan saio bi; eta azkenik, finala.

Final horretan, gainera, ez da Nerea Ibarzabal —azken bi Txapelketen irabazlea— izango, berak hala erabakita.

Horrela, lehenengo fasean 30 bertsolarik kantatuko dute: Udabarria Bertsotan fasean sailkatutako 21 bertsolarik eta 2023an finalaurrekoetan kantatu zuten beste 9 bertsolarik. Finalaurrekoetako lehenengo bueltara 11 bertsolari sailkatuko dira, eta han izango dituzte zain finalaurrekoetara zuzenean pasatu diren 7 bertsolariak, 2023an finalista izan zirenak.

18 horietatik 12 sailkatuko dira finalaurrekoetako bigarren bueltara. Eta bi bueltetako puntuazioak batuta erabakiko da zeintzuk izango diren finalean kantatuko duten zortzi bertsolariak.

2012tik, Bilbao Arenan, Miribillan, egin dute Bizkaiko Txapelketaren finala, baina aurtengoa Casillan izango da, abenduaren 20an, antolatzaileek hala erabakita: "Aldaketa koiunturala izan da, Talde Antolatzaileak egokiago ikusi du aurten finala hor egitea" azaldu du Ione Narbaiza Bizkaiko Bertsozale Elkartearen koordinatzaileak.

Bestalde, aurtengoa Txapelketa Nagusirako puntuagarria izango da: 10 bertsolari sailkatuko dira Bizkaitik 2026ko Txapelketa Nagusira.