Durangoko Azoka
Durangoko Azoka
Umeek hartu dute kulturaren plaza lehen egunean
Natxo Velez | eitb.com
2013ko Durangoko Azokak ateak ireki ditu gaur herri osora hedaturik, inoiz baino zabalago. Ekitaldi ofiziala ere egin dute, arratsaldean. Ikasleen Eguna izan da gaurkoa.
Durangoko 48. Azoka martxan da. 22 ikastetxeko 969 ikaslek parte hartuko dute egun osoan, gune guztietan. Denetariko ekintzak izan dituzte ikasleek, eta, disko eta liburu berri artean ibiltzeko ez ezik, kultur eragileekin elkarrekintzan aritzeko aukera ere izan dute: Jon Arretxe, Yolanda Arrieta, EH Sukarra eta Karrika antzerki taldea, besteak beste, hurbilagotik ezagutzeko modua izan dute.
Kabi@ guneko programazioa % 100ean dago umeei eta hezkuntzari zuzenduta: teknologia berriei lotutako tailerrak eta emanaldiak izan dira bertan egun osoan. Irudienean bikoizketa tailerrak izan dira, eta euskarazko filmen emanaldiak. Szenatokian antzerkiaren mundua hurbiletik ezagutzeko aukera izan dute bertaratutakoek, bisita gidatuen bidez.
20:00ak arte ibili dira bisitariak erakusmahairik erakusmahai, eta Eskozia herrialde gonbidatuari begira jarri da dagoeneko Azoka, inaugurazio ekitaldian.
Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Katxiporreta ikuskizuna egin dute Saguganbaran, 17:00etatik aurrera, eta umeek eta zenbait gurasok gozatu ederra hartu dute. Plateruenan, Su Ta Gar arituko da 23:00etan. Kontzertu hori zuzen-zuzenean ikusi ahalko da eitb.com-en.
Ahotsenea
Hainbat talde eta idazle izan dira sortzaileen plazaren lehen egunean, eta horien emanaldi eta solasaldiak ere zuzenean ikusi ahal dira gure webgunean: EH Sukarra, Malenkonia, Irati Jimenez, Pirritx eta Porrotx (Sentitu, pentsatu, ekin helduentzako liburua aurkezten), Kometa, Mikel Markez, Napoka Iria, Jainko Txiki eta jostalari hura ikuskizuna (Bingen Mendizabal, Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin, eta Rafa Ruedarekin) eta Xabi Aburruzaga izan dira, besteak beste. Streaming bidez, bertan gertatzen den guztia ikusi eta entzun ahalko da asteburu osoan.
EH Sukarra Ahotseneko lehenegoetakoa izan da