Durangoko Azoka
Durangoko Azoka
Antzerkiak Azokaren eskaintza indartuko du hirugarren jardunaldian
Natxo Velez | eitb.com
Urtz eta Kauta Plateruenan izango dira gauean, eta Ahotsenean Eñaut Elorrieta, Glaukoma eta Alex Sardui izango dira, besteak beste. Jende andana espero da Landako gunean.
Durangoko Azokaren 48. edizioa aurrera doa, eta, behin asteburuan sartuta, jende uholdea espero dute Landako gunean zein gainerako espazioetan. 20:00ak arte izango da zabalik Landako, eta, egunero bezala, hainbat idazle eta musikari izango dira diskoak eta liburuak sinatzen.
Szenatokia guneak antzerki maratoiaren eguna hartuko du: ordu laurdeneko antzezlan zatiak eskainiko dituzte 12:00etatik 19:00etara. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, paseen artean pintxoak eta txakolina izango dira bisitarientzat. Parte-hartzaileak, besteak beste, hauek izango dira: Bada Teatroa, Karrika, Demode Quartet, Taupada eta Agerre.
Kabi@ gunean, sortzaileen eta komunitateen eguna egingo dute. Adibidez, Lou Topet musika taldeak kaleratu duten aplikazioa aurkeztuko du. Goizean, "meme" faktoria izango da, Mozilla Popcorn eta Thimble tresnekin.
Landakoko areto nagusian aurkezpenak barra-barra izango dira. Bizkaiko Bertsozale Elkarteak 30. urteurrena ospatuko du bertso-saio labur batekin (18:00etan) . Berrizko baserriei buruzko liburua aurkeztuko dute eta EHUk euskarazko ikasliburu berria ekarriko du, besteak beste.
Leire Bilbaok eta Maite Mutuberriak "Gerrak ez du izenik" aurkeztuko dute Saguganbaran (13:00etan) eta ipuin-kontalariak ere izango dira, haur, guraso eta hezitzaileentzat. Areto txikian, hainbat tailer eta hitzaldi izango dira, ume eta gurasoentzat.
Irudieneak hainbat film eta ikus-entzunezko emanaldi eskainiko ditu, baita hitzaldiak eta egileekiko topaketak ere.
Plateruenan, 23:00etatik aurrera Urtz eta Kauta taldeak izango dira, eitb.com-eko kamerak lekuko. Pasaitarrek 10 urte egin dituzte agertokietatik kanpo eta andoaindarrek lau; Plateruena aukeratu dute biok taula gainera itzultzeko. 13:30ean, bestalde, Zeze taldea eta Aguxtin Alkhat bakarlaria izango dira toki berean.
Ahotsenea
Hauek izango dira Ahotsenean izango dira taldeetako batzuk: Igelaren Banda, Alex Sardui, Antton Aranburu, Emon, Glaukoma, Eratu, Uxue Alberdi, Sermond's, Danba, Eñaut Elorrieta ("Deserriko kantak" bakarkako lehen diskoa aurkezten izango da Ken Zazpi taldeko abeslaria) eta Odolaren mintzoa. Ez galdu karpan jazotzen den ezer!