Durangoko Azoka
Durangoko Azoka
William Douglass antropologoak Argizaiola saria jaso du
Natxo Velez | eitb.com
Durango
"Mr Basque" ezizenez ezagutzen duten antropologo estatubatuarrak lagunez inguratuta jaso du Gerediaga elkartearen goraipamena, euskal kulturaren alde egindako lanagatik.
Piano doinuek eman diote hasiera William Douglassen omenezko ekitaldiari. Jarraian, lau aktorek antzerkia egin dute, immigrazioaren, joatearen eta geratzearen, inguruko hausnarketa osatuta.
Jarraian, William Douglassek Euskal Herriarekiko maitasun istorioan egindako adiskideek hartu dute hitza: Etxalarren egonaldia egin eta gero Aulestin, exodoaren inguruko ikerlana osatzeko aukeratu zuen herrian, ezagutu zuen familiako alabek eta bertan egindako lagunek hitz egin dute, Xabier Amurizak... Joseba Sarrionaindiak "Lagun izoztua"n Douglassi egindako aipamena ere irakurri du Miel Elustondo ekitaldiaren gidariak. Gero, Bernardo Atxaga lagunak ere hartu du hitza, eta Douglassek kanpotik etorrita, bista Euskal Herrian jarrita, gure kulturari egin dion ekarpena goraipatu du. Xabier Amurizak bertso hunkigarriak abestu ditu, adiskide hurkoaren omenez.
Bukatzeko, Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidentearen eskutik, hunkituta oso jaso du saria antropologo estatubatuarrak. Gaztelaniaz eskerrak eman ditu, kostata, ahotsa emozioak hartuta (adiskideen berbak entzutean negar asko egin izana aitortu du). Lagun artean gustura, Jon Bilbao eta Robert Laxalt zirenak, Renoko euskal ikasketen zentroa eraikitzen albo banatan izan zituen adiskideak, hartu ditu gomutan bereziki.
"Mr Basque"
William Douglass 1939an jaio zen, Renon (AEB), eta Ipar Amerikako mendebaldera joandako euskal herritarren gainean ikerketa gehien egin dituen pertsona da munduan. Renoko Basque Studies Program sortu, eta hiru hamarkadatan gidatu zuen, 2000. urtera arte.
Ikertzaile gisa jardun du bereziki, eta AEBetako euskal kulturaren aditu nagusitzat jotzen dute gehienek. Nolanahi ere, beste esparru batzuk ere jorratu ditu, hala nola identitateari eutsi beharraren inguruabarrak eta, euskaldunoz gain, nazioarteko beste hainbat kulturaren migrazio mugimenduak.
Ibilbide oparoan, 20 liburu baino gehiago eta 100 artikulutik gora idatzi ditu: "Death in Murelaga"; "Amerikanuak, Basques in the New World" (Jon Bilbaorekin batera); "Echalar and Murelaga: opportunity and rural depopulation in two Spanish Basque Villages"; "Beltran: Basque sheepman of the American West"; "Terror and Taboo. The Follies, Fables and Faces of Terrorism" (Joseba Zulaikarekin batera); "Global Vasconia: Essays on the Basque Diaspora"; "Basque Culture: Anthropological Prespectives"; eta "Terrorista nire baitan".
Euskal politikan ere, zeresan aipagarria izan du Douglassek: 2003an, Henri Durant Genevako zentroak eskatuta, ETArekiko bitartekaritza lanak egin zituen.
Argizaiola saria
1992. urtetik aurrera, Argizaiola saria ematen du Gerediaga elkarteak. Pertsona eta erakundeek euskararen eta euskal kulturaren alde egin duten lana goraipatzea da sari honen helburua. Batez ere urte zailenetan, oztopoak oztopo, lan egin dutenei ematen zaie saria; horregatik, "gauean argi" egin zutela nabarmentzen dute. Hain zuzen, izenburu hori hartzen du saria emateko 2001. urtetik prestatzen den ekitaldiak.
Besteak beste, Benito Lertxundik, Gotzon Garatek, Txillardegik, Maiatz eta Jakin aldizkariek, Labayru ikastegiak, Antonio Zavalak, Euskaltzaindiak eta Eusko Ikaskuntzak jaso dute goraipamena, eta aurten William Douglass antropologoa saritu dute.