Itxi

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Kulturaren plaza

Durangoko 50. Azoka abenduaren 4tik 8ra izango da

N.V. | eitb.eus

Kulturaren plaza bost egunez egongo da zabalik mende erdi beteko duen urtean. Kartela Jose Luis Zumetak egin du, eta Argizaiola saria Gerediaga elkartearen eta Azokaren sortzaileentzat izango da.

1:13

Durangoko Azokak ez du nolanahiko edizioa aurtengoa; hitzordu guztiek izan dezakete zerbait berezitik, baina aurtengoa mugarritzat har daiteke: 50. edizioa ospatuko du kulturaren plazak abenduaren 4tik 8ra.

Mugarria, nolanahi den, gelditzeko ez, baizik eta atzera begiratuta aurrera egiten jarraitzeko baliatu nahi dute antolatzaileek, Nerea Mujika Gerediaga elkarte antolatzailearen presidenteak gaur Landakon eginiko aurkezpenean esan duenez: "50. urteurren honetan Azokak atzera begirakoa egingo du, baina hurrengo 50 urteetan begirada jarriz, datozen 50 urteetako historia idatzi nahi dugulako".

Aurrean dituzten erronken jakitun badirela ere esan du Mujikak bere mintzaldian: euskal kulturaren ikusgarritasun maila handitu; euskaldun berriak sorkuntzan parte hartzera bultzatu; herri ekimenak, erakundeek, industriak eta hedabideek estrategiak partekatzea... Horren aurrean, gazteak Azokara biltzeko, Azoka guneetan antolatzeko eredua indartzeko eta, azken batean, euskal kulturgile eta herritar guztiengana heltzeko lanean jarraituko dutela esan du Mujikak.

Kartela, Argizaiola saria eta liburua

Aurtengo kartela Jose Luis Zumetak sortu du, eta Argizaiola saria Gerediaga elkartearen eta Durangoko Azokaren sortzaileek jasoko dute: Jose Luis Lizundia, Leopoldo Zugaza, Carmen Miranda, Maria Concepcion Astola, Maria Rosario Astola, Arrate Salazar, Koldo Alzibar eta Jesus Astigarraga.

Argizaiola sariak abenduaren 5ean banatuko dituzte San Agustin Kulturgunean. Karrika Antzerki Taldea ari da ekitaldiaren diseinuaz arduratzen.

Gainera, Jesus Mari Arruabarrenak eta Joseba Sarrionandiak 50. urteurreneko liburua idatzi dute. Azokaren 50 urteen bilduma osatu du lehenak, datu, gertaera eta lekukotasunekin. Bigarrenak azken 50 urteetako euskal kulturgintzaren garaian garaiko kontakizun pertsonala egin du, testuinguru lokala eta globala uztartuz.

Azken urteetan bezala, hainbat gunetan banatuta egongo da Azoka: Areto Nagusia, Szenatokia, Irudienea, Kabi@, Ahotsenea, Saguganbara, Plateruena eta Azoka TB. Landako Gunea izango da Azokaren bihotza, beti bezala, baina, azkenaldian ohikoa dutenez, Azoka Durango osora zabaltzeko ahalegina egingo dute.

Irudi marka berria: DA!

50. edizioan, Azokak irudi marka berria estreinatuko du: DA!. Durangoko Azoka markaren siglek osatzen dute irudi marka berri hau, eta "laburra, sonoroa eta ikusgarria" izan nahi du.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Durangoko Azoka