Itxi

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Bideojokoak euskaraz

Saretik euskal kulturaren plazara: Game Erauntsia, euskal bideojokogintzaren hazia

B. Fernandez

Euskal bideojoko zaleen komunitatea da Game Erauntsia. Urtzi Odriozola garatzaileak proiektuaren nondik norakoak azaldu ditu.

  • Urtzi Odriozola

    Urtzi Odriozola

‘Frikia naiz eta harro nago’ pegatina bularrean itsatsita, horrela ematen diete ongietorria Game Erauntsiako kideek bisitariei, Durangoko Azokako Kabi@ gunean. Proiektuaz galdetzean, euskal bideojoko zaleen komunitatea dela dio Urtzi Odriozola webgunearen diseinatzaile eta garatzaileak.

Bideojokoak eta euskara uztartzeko ahaleginak egiten dituzte Game Erauntsia osatzen dutenek. Merkatuko berrikuntzak probatu eta iritziak webgunean plazaratzen dituzte, euskaratzen dituzten jokoen berri ematen dute eta jokoen katalogo luzea eguneratuta mantentzen saiatzen dira, besteak beste.

Kabia durangoko azoka 2017

Game Erauntsiak euskal bideojokogintzari ahal duen neurrian ekarpena egiten dion arren, Odriozolaren esanetan, “euskarazko bideojokoen industria hastapenetan dago”. “Orain gutxira arte ez zegoen euskarazko materialik, baina tarteka agertzen da garatzaileak” adierazi du Odriozolak, eta Aliceren ibaiak, Fronton eta Sorginen kondaira jokoak aipatu ditu.

Urtzi Odriozolaren aburuz, sare-sozialek ezinbesteko garrantzia dute euskal bideojokogintzaren transmisioan. Izan ere, gero eta gehiago dira Youtube plataformari esker mundu mailan ospetsu bilakatu diren gamerrak. Euskal Herrira, baina, oraindik ez da iritsi, Odriozolak adierazi duenaren arabera.

BIDEOJOKOAK DURANGOKO AZOKA 2017

Komunitate birtualaren erosotasunean gustura sentitzen diren arren, Sormenaren Lurraldera, Durangora alegia, jauzi egitea aberasgarria dela uste dute Erauntsiako kideek. Horregatik, 80ko hamarkadako hainbat joko ekarri dituzte Azokara, guztiak euskarazko bertsioan: Super Mario, Zelda, Metroid…

Kabi@ra gerturatu direnek euskarara itzulitako joko klasikoez gozatzeaz gain, Stepmania izeneko jokoarekin dantza egiteko aukera izan dute, baita 'Super Tux Kart' txapelketa parte hartzeko ere.