Itxi

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Kontzertu akustikoa

Berri Txarrak Durangon: infrasoinua garrasi ozen bihurtu zenekoa

Natxo Velez | Durango

Durangoko Azokaren laugarren egunaren hasieran, Berri Txarrakek Ahotsenean eskainitako kontzertu akustikoak bereganatu du bisitarien arreta.

Testuinguruak dena aldatzen du, eta gerta daiteke definizioz bazterrekoa, alternatiboa (har bedi hitz higatu hori bere esanahirik behinenean), den zerbaitek ?modu artisau eta independentean rock ozen eta distortsionatua egiten duen talde batek, berbarako- zentralitatea hartzea ezustean Sormenaren Lurraldean, errealitatearen logika errukigogorrak halako meniak eskaintzen baititu zenbaitetan, egurats ustelean arnasa pitin bat har dezagun behinik behin.

Hala, Berri Txarraken infrasoinuak oihu ozen bihurtu dira gaur, Azokako laugarren egunean (gaur ere ez dugu huts egin, Landakorako bidean Iurretako Beer Azoka bezalako tranpak aurkituta ere), eta Sormenaren Lurraldera bildutakoen arreta osoa bereganatu du taldeak 11:00etan Ahotsenea Zuzenekoak gunean eskainitako emanaldi akustikoan.

Errepertorioari dagokionez (**KONTUZ SPOILERRA: ?Spoiler? kantua jo dute, eta, diskoaren iruzkinean aurreratu genuen bezala, aldiro zailagoa izango da kantu itsasgarri honek zabaltzen duen saretik askatzea), azken diskoko zazpi kanturen errepasoa egin du taldeak 700 laguneko edukiera duen karpan bildutako jendetzaren gozagarri, Resurrection Fest, Sonorama Ribera, Primavera Sound eta eite erabat ezberdineko hamaika jaialditan jotzera eraman duen izaera poliedrikoaren beste ertz bat agerian utzita.

Durangoko Azoka 2017 Berri Txarrak

Puntualtasun handiz, ?Dardararen bat? kantuarekin ekin dio hirukoteak (egiatik hurbil egon dira kantuaren lehen hitzak gaurkoan: ?Goizeko bederatziak, kafe egin berria zainetan?), soinu garbi eta indartsuz (nagiak atera dizkiote bati baino gehiagori Galderrek kantua gidatzeko egiten dituen break, sigi-saga, zoragarriak).

Horren segidan etorri dira ?Spoiler?, ?Zorionaren lobbya? (diskoen eta liburuen bidez horri aurre egiteko gonbita egin du Gorkak, Axl Roseren estiloan txistu egin aurretik), ?Beude? musikari eta bizitzari (barka erredundantzia) idatzitako oda malenkoniatsua, ?Zaldi zauritua? eta berori bideratzen duen Daviden baxu lerro jostaria (Parisen gaur egitekoa den mobilizazio historikoaz gogoratu da Gorka, kantuari ekin aurretik), ?Zuri? eta Gorkak bakarka jo duen ?Katedral bat?.

 

 

Berri Txarraken ohiko formatuaren gosez utzi ditu lagin honek zaleak, martxorako BECen jarritako hitzorduaren zain, Bi Bala eta FaltA ?taldetzarrak? gomendatuta taldekideek Landakakoko beren erakusmahaian diskoak sinatzen jarraitzera alde egin aurretik.

Gugan beude Berri Txarrak, Ahotsenea, Durangoko Azoka eta eguneroko zarata itogarri eta geldiarazleari gailentzen zaizkion melodia eta oihuak proposatzen dituen oro.