Itxi

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Irudiienea

ETBk 'Merli' telesaila aurkeztu du Durangoko Azokan

eitb.eus

Euskal Telebistak urtarriletik aurrera emango du Katalunian arrakasta handia izan duen telesaila, euskaraz. Irudienea ikus-entzunezkoen guneak aurrestreinaldia hartu du.

Euskal Telebistak Sormenaren Lurraldean, Irudienea Durangoko Azokako ikus-entzunezkoen gunean, egin du gaur, abenduak 9, “Merlí” telesailaren euskarazko bertsioaren aurrestreinaldia.

Katalunian arrakasta handia eduki duen saila urtarrilean hasiko dira eskaintzen ETBn, Gorka Garcia ETBko Programa eta Arte zuzendariak gaurko aurkezpenean esan duenez, “erakusten dituen balioengatik oso aproposa irizten baitiogu ETBn emateko”.

Merlí Bergeron umore beltza gustuko duen irakasle ironikoa, kaotikoa, xarmagarria eta alaia da, eta, aldi berean, ingurukoak haserrarazteko dohaina duen gizakume zinikoa. Halabeharrez, Bruno bere semearen institutuan irakasle bihurtuko da.

Telesailaren agertoki nagusia institutua bera da, atal bakoitza filosofo baten ingurukoa izango da eta mundua zalantzan jarri eta hausnarketa sakonak egiteko parada eskainiko die gazteei.

Epikuro, Kant, Descartes, Platon, Socrates eta historiako beste pentsalari handi batzuk 'Merlí' telesailaren pertsonaia ikusezinak izango dira, eta ikasle gazte talde baten arazoak konpontzeko irtenbideak proposatuko dituzte.

Ahalegin berezia bikoizketan

ETBk ahalegin berezia egin du 'Merlí'ren euskarazko bikoizketan,eta ardura handia jarri du gazteen hizkuntzara hurbiltzeko. 'Lehendik bageneuzkan hitz eta esamoldeak bilduta, baina, horrez gainera, beste bilketa bat egin dugu gazteek kalean darabilten euskaran, sare sozialetan eta Interneteko gazte-foroetan arakatuz, eta esamolde berriak ere sortu ditugu', azaldu du Asier Larrinaga ETBko Euskara Zerbitzuaren buruak.