Itxi

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

52. edizioa

110.000 bisitari baino gehiago bildu ditu Durangoko Azokak

Natxo Velez | eitb.eus

Durangoko Azokaren antolatzaileek bukatu berri den edizioaren balorazio positiboa egin dute, eta 53. edizioa abenduaren 5etik 9ra ospatuko dela iragarri dute.

  • Argazkia: Txelu Angoitia (Gerediaga elkartea - Durangoko Azoka)

    Argazkia: Txelu Angoitia (Gerediaga elkartea - Durangoko Azoka)

Durangoko Azokaren 52. edizioa bukatuta, bost egunez Sormenaren Lurraldeak "bizia" hartu duela azpimarratu dute antolatzaileek. Guztira, 110.000 bisitari baino gehiago izan ditu Durangoko Azokak; abenduaren 6a izan zen egunik jendetsuena, eta azken eguna, abenduaren 10a, lasaiena.

Azokako espazio guztietan ibili da jendea bost egunetan, antolatzaileen arabera, eta zenbait unetan bete ere egin dira guneok: Berri Txarrak (Ahotsenea Zuzenekoak), “Handia” eta “Errementari” (Irudienea), “Ele!” (Szenatokia), Ene Kantak (Saguganbara), Glaukoma (Plateruena), Uxue Alberdi, Iñaki Perurena, Silvia Federici (Ahotsenea solasaldiak)…

Gerediaga elkarteak ohar batean adierazi duenez, ”aurtengo Azokaren ekarpena handia izan da, hainbat aldetatik begiratuta: askotariko sortzaileak egon dira, kultur lanak ugariak izan dira eta gogoeta aberatsak utzi ditu".

Datu ekonomikoei erreparatuta, Durangoko Azokaren estimazioa da aurtengo edizioak 7,2 milioi euroko ekarpen ekonomikoa izan duela, "bisitari kopurua eta bakoitzak zer nolako gastua egin duen kontuan hartuta".

53. edizioa

52. edizioa amaitu berritan, 53. edizioari begira jarri da Azoka, eta hurrengo urteko datak zehaztu dituzte: abenduaren 5etik 9ra ospatuko da, bost egunez berriro ere, eta Ikasle Eguna mantendu eta indartzeko apustua egingo du Azokak.

Gainera, 53. edizioan zabalduko da lehen aldiz sormen beka berriaren lehenengo deialdia. 2018ko irailean egingo dute, eta abenduan, Azoka bete-betean, iragarriko da nork jasoko duen. 2019ko Durangoko Azokan gozatu ahal izango sormen bekaren lehenengo emaitza.

Halaber, "kultura guztion eskura" egitasmoa, Azoka bisitari guztientzat irisgarria izan dadin hasitako bidea, indartu nahi dute antolatzaileek hurrengo urteetan, gaitasun ezberdinak dituzten pertsona guztiek euskal kulturaz gozatzeko aukera izan dezaten.