Itxi

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Aurkezpena

'Gutuberrak' websail transmedia aurkeztu du EiTBk Durangoko Azokan

N.V. | eitb.eus

Bost astean zehar eskainiko den sailak etxegabetzeak eta krisiaren beste ondorio batzuk jorratzen ditu, “umorez”.

  • 'Gutuberrak' websaileko lantaldea, EiTB Gunean

    'Gutuberrak' websaileko lantaldea, EiTB Gunean

Hainbat pertsonaia bitxi etxe batean bildu dira, zenbait kausa direla medio, baina etxegabetuko dituzten mehatxuaren aurrean, Youtubeko bere kanala sortu eta dakiena zabaltzen saiatuko dira (dantza, sukaldaritza, brikolajea…), dirua biltze aldera. Hori da Gutuberrak eitb.eus/gutuberrak webgunean ikusgai dagoen websailaren abiapuntua.

Olatz Beobide zuzendariak gaur, abenduak 7, Durangoko Azokako EiTB Gunean azaldu duenez, “gidoi berritzaile eta politak” ditu lanak, eta gizarte gai garrantzitsuak jorratzen ditu, hala nola diru eta lan falta, etxegabetzeak eta itxurakeria, baina “umorea eta bizipoza” helarazi nahi dizkie ikusleei.

Urtarrilaren 6ra arte, astean lau saio eskegiko dituzte websailaren webgunean, eta igandero aste horretako saioen bilduma egongo da ikusgai EiTB Nahieran atarian. Pedro Fuentes gidoien koordinatzaileak gehitu duenez, halaber, transmedia izango da 'Gutuberrak': atalez gain, egunero egongo da zer bizi sailaren inguruan, Twitter eta Instagram kanaletan eta Facebookeko orrian. Ikusleak lantaldearekin harremanetan jartzera bultzatu ditu Fuentesek, bide horiek erabilita.

Iñako Gurrutxaga eitb.eus-eko Entretenimenduko buruak hartu du hitza jarraian, eta esan du EiTB erabiltzaileen ohitura berriei egokitzeko ahalegina egiten ari dela, ohiko edukiak egiteari utzi barik, eta ez dagoela asmorik Gutuberrak telebistan emateko, Interneteko produktua baita.

Olatz Beobideren eta Joserra Camachoren zuzendaritzapean, Olatz Beobide bera, Axen Egaña,  Amaia Lizarralde, Nerea Arriola, Ioritz Tapia, Liah Regalado eta Edurne Azkarate dira aktore protagonistak.

'Gutuberrak' websaileko lehen atala