Publizitatea
Itxi

2018/12/08

18:34

Durangoko Azoka

Aurrestreinaldia

‘Soinujolearen semea’, erruaren eta iraganaren zama

Natxo Velez | eitb.eus (Durango)

Bernardo Atxagaren azken eleberri handiaren zinemarako egokitzapen hunkigarria proiektatu dute gaur, pantaila handian, Irudienea Durangoko Azokako gunean.

1:55
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Fernando Bernuesek aspaldidanik, 2005ean ‘Kutsidazu bidea, Ixabel’ filma egin zuenetik, zerabilen buruan ‘Soinujolearen semea’, Bernardo Atxagaren idazkeran aldi bat itxi zuen eleberria (2003), zinemara eramateko asmoa. Ezinezkoa izan zen, baina, euskal zinemagile batek, ekoizpen erraldoi bat egiteko asmoz, eskubideak erosita baitzeuzkan, Obabako mundua itxitzat eman zuen eta "Gizona bere bakardadean" liburuaren oihartzunak erakutsi zituen eleberria zinemaratzeko.

Bernuesek antzerkirako moldaketa egin zuen orduan, eta, proiekzioaren aurretik esan digunez, horrek asko erraztu dio, behin eskubideak ostera ere libre gelditutakoan, filmaren hari narratiboak zer bideri jarraituko zion zehazteko erabakia, Atxagaren eleberrian zenbait  unitate narratibo tartekatzen baitira istorio nagusian.

Soimujolearen semea Eneko Sagardoy Cristian MErchan

Eta asmatu egin du EiTBren parte-hartzea duen pelikula hunkigarria josten. Patxo Telleria arduratu da gidoiaz, eta oso lan eraginkorra egin du: filmak, atzera eta aurrerako denbora jauzien bidez, nahieran gidatzen du ikuslea istorioko argi eta itzalen artean amaierako amildegirantz, orain bidelagun orain iruzurti.

Interpretazioei dagokienez, makina bat aktorek hartu dute parte, Euskal Herriaren historia itogarri, berunezko eta etsigarrian (iraganak harresi oro hausten duela erakusten du istorioak) hara-honaka ari den film batean ulertzekoa denez, eta emaitzak gorabeheratsuak dira, hartara. Nolanahi den, interpretazio azpimarragarri batzuek bere egiten dute ikuslearen arreta, hala nola Joseba Apaolazaren (bikain, soinujole faxistaren rolean), Mireia Gabilondoren, Eneko Sagardoyren eta Cristian Merchanen lan bikainek.

Mari Jose Olaziregi literatur kritikariak esan zuenez, ‘Soinujolearen semea’ eleberriak “epikotasun oro baztertu eta narrazio hanpatu heroikoak deuseztatzea” bilatzen zuen, eta filmak ere hortik jotzen du funtsean; forman, baina, filmak, behetik gora datorrela, ez du tregoarik ematen azken laurden epikoan, eta amaiera dirdiratsu batek, Fernando Velazquezen musikak hanpatuta, arnasa estututa uzten du ikuslea.

Huelvako zinemaldian eta Durangon oniritzi handiz (negar malkoak ikusi dira, Irudieneko argiak piztutakoan) erakutsi ondoren, Fernando Bernuesek aurreratu digu martxoan erakutsi nahiko luketela pelikula zinemetan. Merezi du ikustea.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;