Itxi

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Azterketa ekonomikoa

Durangoko Azokako erosle bakoitzak 50 euro gastatzen ditu Landako gunean

Natxo Velez | eitb.eus

Siadeco etxeak egindako ikerketa batean arabera, Azokak 5,8 milioi euroko eragin ekonomikoa du guztira. Bisitarien bi herenak 45 urtetik beherakoak dira .

1:17
Durangoko Azokaren irudia

2018ko Azokako 710 bisitariri eta erakusmahaia paratu zuten ehun eragile baino gehiagori egindako galdeketa horrek erakutsi duenez, Durangoko Azokaren eragin ekonomikoa 5.848.000 eurokoa da, "zuzeneko, zeharkako eta induzitutako" gastuak zenbatuta.

Bisitariek 1.737.000 euro gastatu zituzten iazko Azokan, Landako gunean: % 60 liburuetan eta % 30 diskoetan. Batez beste, Landakon erosketaren bat egin zuen bisitari bakoitzak (erosketarik egin ez zutenak ez dituzte azterlanean sartu) 49 euro gastatu zituen Landakon, eta Azokatik kanpora, Durangoko ostalaritza, merkataritza eta zerbitzuetan, 28 euro.

Bisitarien profilari dagokionez, azterlan horren arabera, bisitarien gehiengo zabala 45 urtetik beherakoa da: 26- 45 artekoak dira bisitarien % 47, eta 18 eta 26 urte artekoak dira %20 (16 urtetik beherakoen daturik ez da jaso).

Juanjo Allur (Siadeco), Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko presidentea eta Arantza Atutxa (Gerediaga)

Gehienak emakumeak dira, eta Bizkai (%48) eta Gipuzkoatik (%37) etortzen dira batez ere. Hamar bisitaritik bederatzi euskaldunak dira.

“Euskal kulturari bultzada eman”

Durangoko Azokara etortzeko zergatien artean, honakoak dira bisitariek gehien aipatu dituztenak: “euskara eta euskal kulturari bultzada ematea”, “euskal kulturarekim lotutako giroaz gozatzea” eta “euskal kulturako produktuen berri izatea”.

Eragileei dagokionez, 2018ko salmentetan Durangoko Azokak % 22ko pisua izan zuen urteko fakturazioan, batez beste. Gainera, Azokak ematen duen ikusgarritasuna nabarmendu dute.

Erosle-saltzaileek Azokari jarritako notari dagokionez, oso ontzat jo dute azoka: bisitarien % 70ek oso balorazio ona egin du, eta % 27k ona; eragileen artean, % 82k balorazio oso ona edo ona egin dute.