Itxi

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Erosketak, abenduaren 4tik

Durangoko Azokaren online denda, gaurdanik kontsultagai

eitb.eus

Gaurdanik kontsultatu daitekeen dendan 2.300 produktu izango dira, eta abenduaren 4tik aurrera egin ahalko dira erosketak. 100 kultur ekitaldi antolatu dituzte Azokaren bost egunetarako.

  • Durangoko Azoka

    Durangoko Azokaren kartela Ane Pikazak egin du

Durangoko Azokako salerosketak birtualak izango dira aurten, baina, hori gorabehera, eskaintza oparoa izango da beste urte batez, zailtasunak zailtasun, euskal kulturaren plazan. Gaurdanik bisitagai (erosketak egiteko abenduaren 4ra arte itxaron beharko da) egongo den webgunean 2.300 produktu baino gehiago eta 852 nobedade izango dira, klik bateko aldera.

Gainera, Durangon bertan 100 kultur ekitaldi baino gehiago izango dira abenduaren 4tik 8ra, bertatik bertara zein online bidez jarraitu ahalko direnak.

Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidenteak Landakon gaur kazetariei azaldu dienez, "erakusmahaiz beteta ikustera ohituta gauden gune hau, aurtengoan online dendaren biltegi, eta sormen eta kultur ekitaldi desberdinen erakustoki bihurtuko da, abenduaren 4tik 8ra".

Webgunean 636 liburu, 100 musika-produktu, 44 aldizkari eta bestelako 72 produktu (ikus-entzunezkoak, jokoak, papergintza...) erosi ahalko dira abenduaren 4tik aurrera.

Gaurtik aurrera, baina, katalogoa kontsultatu eta produktuak aukeratu ahal izango dira "desioen saskian". Horrela, abenduaren 4an, aukeratutako "desioen saski" hori errealitate bihurtuko du erosleak, ordainketa egin eta erosketari amaiera emanez. Ordainketa egiten duten lehenengo mila erosleek aurtengo kartelaren irudiarekin egindako poltsa berezia jasoko dute doan, euren erosketarekin batera. Halaber, 45 eurotik gorako erosketa guztiek ez dute bidalketa-gasturik ordaindu beharko.

100 kultur ekitaldi Durangon

Dendaz haraindi, Durangon bertan 100 kultur ekitaldi izango dira, bi espaziotan: Landako Gunean eta Plateruenan.

Plateruenan diskoen aurkezpenak egingo dira, abenduaren 5etik 8ra, 10:30etik 21:00ak arte. Besteak beste, honako taldeak izango dira: Bulego, Marlik, Zetak, Mikel Urdangarin, Haxotz, Korrontzi, Rafa Rueda, Basabi, Gatibu, Hibai, Trikidantz, Kohatu, Pantxix Bidart, Peio eta Itsua, Roberto eta Miren Etxebarria, X Sakara, Maria Rivero...

Landako Gunean, aldiz, gainerako jarduerak antolatuko dira. Goizeko lehen orduan, familientzako ipuin aurkezpenak eta ikuskizunak izango dira, eta, ondoren, mahai inguruak.  Goiz eta arratsaldez, literatur solasaldiak eta liburuen aurkezpenak izango dira. Idazleen artean, besteak beste, honako sortzaileek parte hartuko dute: Uxue Alberdi, Bernardo Atxaga, Jakoba Errekondo, Miren Agur Meabe, Yurre Ugarte, Kattalin Miner, Andoni Olariaga, Iñaki Egaña, Danele Sarriugarte...

Ekitaldi horiek online jarraitu ahalko dira, baina bertatik bertara jarraitzeko aukera ere izango da, gaur egun Durangoko eta herrialde mugakideetako biztanleentzat. Gonbidapenak Azokaren webgunean eskatu beharko dituzte horiek.

Azoka, Durangotik kanpo ere

Durangotik kanpo ere jarduerak antolatuko ditu Durangoko Azokak aurten, "Zu non, han DA!" ekimenaren baitan. Euskal Herriko zortzi herritan (Amurrio, Atarrabia, Azpeitia, Bermeo, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Ondarroa) 32 musika talderen kontzertuak egongo dira. Sarrerak salgai daude Azokako webgunean.