Publizitatea
Itxi

2020/12/04

15:24

Durangoko Azoka

55. edizioa

Nolako urtea, halako Azoka

Natxo Velez | eitb.eus

Urte ezberdin batean halabeharrez, ohi ez bezala ekin dio Durangoko Azokak aurtengo edizioari: salerosketak on line egingo dira eta ekitaldietan aforo murritza egongo da.

3:27
Durangoko Azoka. ETBren bideo batetik ateratako irudia.
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Landako Guneak oso bestelako itxura erakutsi du gaur goizean, Durangoko Azokaren irekieraren egunean. Erakustokia, argitaletxe, diskoetxe eta sortzaileak hartu ohi dituen Landakoko espazio erraldoiaren erdia, biltegi bihurtuta aurkitu dugu goizean goizeko lehen bisitaldian, on line dendan salgai dauden 2.300 gaien gordetegi.

Aitzitik, kulturzaleen ohiko bilguneak, hala nola Landako Gunearen beste zatia, liburu aurkezpenak hartuko dituen eremua, eta Plateruena, musika emanaldien plaza, erakustoki bihurtuta aurkituko ditugu hurrengo bost egunetan, Durangon antolatutako ehun solasaldi eta kontzertuak etxetik jarraitu ahalko baitira nagusiki, streamingez. Durangoko eta inguruko herritarrek soilik ikusi ahalko dituzte bertatik bertara, covid-19aren pandemiaren aurrean hartutako neurrien ondorioz.

Arantza Atutxa Gerediaga Elkarteko kudeatzaileak biltegiaren bihotzetik azaldu digunez, bost laguneko taldeak arduratuko dira 08:00etatik 20:00etara (ordutegia eskariaren arabera doituko dute, beharrezko iritziz gero) Landakoko ordenagailu zentralean jasotako eskariak kudeatu, gaiak bertako mahaietan jaso, paketeetan bildu eta posta enpresaren esku uzteaz, berorrek eskatzailearen etxera bidal ditzan. Bidalketa gastuak doakoak izango dira 45 eurotik gorako eskaria egiten dutenentzat, 3,5 eurokoa Euskal Herritik egindakoetarako eta 5 eurokoa Espainiako Estatutik egindakoetarako.

10etan bertan irten da lehen eskaria dendatik, Balmasedara, eta, dendako lehen 1.000 eskariei dagokienez, Durangoko Azokako poltsa bat ere jasoko du opari eskatzaileak, lehen orduetan antolatzaileei buruhauste tekniko batzuk ekarri dizkien dendan aukeratutako bi liburuekin batera.

Dendan arazo teknikoak egon dira lehen orduetan, baina eguerdi parterako konpondu dituzte, eta martxan dago jada. 

Egunotan 2.300 produktuen artean gustukoenak desioen saskian bildu dituzten 1.000 pertsonak baino gehiagok erosketa gauza dezakete dagoeneko, beraz, eta baliteke sorpresaren bat aurkitzea, hala nola Izaroren diskoa eskatzen dutenek. Bizkaitar musikariak 300 ale sinatu zituen atzo, eta sinadura eta guzti jasoko dituzte, hartara, erosleek.  

Musikariak eta programatzaileak, elkarrekin

Zailtasunak zailtasun, baina, Durangoko Azoka ez da biltegi huts izango 55. edizio honetan, inola ere, eta, ehun bat ekitaldiko egitarauan DA Pro aurkitu dugu, adibidez, lehen jardunaldi honetan.

Gerediaga Elkarteak eta Musika Bulegoak antolatutako ekimen honen helburua musikariak eta areto, jaialdi eta udaletako programatzaileak harremanetan jartzea da, teknikariok bertatik bertara jaso dezaten musikarien proposamenen berri.

Tenpora taldea, bere burua aurkezten. Argazkia: Olga Ruiz (Musika Bulegoa)

Mikel Yarza eta Etxahun Urkizu Hilotz metal taldeko kideek programatzaileek beren taldearen proposamena (Aske diskoa argitaratu dute irailean) aletu eta gero azaldu digutenez, “Durangon egotea beti da interesgarria, euskal musikaren agertoki delako. Baina, programatzaileei azaldu diegunez, uste dugu aukera ona dutela metal musika ezagutarazteko, lurrazpiko zirkuituan egon ohi diren doinuak publiko orokorrari aurkezteko”.

“Hori zabaldu nahi genien, eta uste dugu DA Pro plaza egokia dela horretarako, inoiz baino hobea. Gure zirkuitua areto txiki eta gaztetxeek osatzen dute, eta orain geldirik dago erabat. Kulturguneak eta herri antzokiak ari dira programatzen, eta metalari jarri ohi zaion barrera hori haustea gustatuko litzaiguke. Programatzen ari diren bakarrak dira”, azaldu digute taldekideok.

Mikel Yarza eta Etxahun Urkizu (Hilotz)

Galdakaon, Sormene ekimenean, izango du aurki thrash metal taldeak bere diskoa aurkezteko parada. Eta gaurko hitzordutik aukera gehiago heltzea espero dute.

Ekitaldiak nonahi

Landakora bueltan, oso bestelako proposamen batekin, Kai Nakai musikariaren kontzertu laburraz gozatzen, utzi dugu publikoa, Durangaldeko ikasleak bertatik bertara eta gainerako guztiak streaming bidez.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;