Itxi

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

''Bañolet''

Umeen begietatik sortutako telesail batek irabazi du Durangoko Azokaren Sormen Beka

Natxo Velez | eitb.eus

Nafarroa Behereko hainbat familiak hartuko dute parte umorea, absurdoa eta poesia uztartzen dituen "Bañolet" telesailean.

0:58

"Bañolet" Maia Iribarnek (Lasa, 1995) eta Paxkal Irigoyenek (Ainhize-Monjolose, 1988) sortutako telesaila da Durangoko Azokaren hirugarren Sormen Bekaren irabazlea. Aurten, ikus-entzunezkoak izan ditu ardatz proiektuak bultzatzeko ekimen honek, aurrekoek literatura ("Atopia") eta musika (Kai Nakai) izan zituen bergisan.

15.000 euroko saria baliatuz, lau ataleko telesaila sortuko dute orain irabazleek, Nafarroa Behereko hainbat familiaren parte-hartzearekin, eta Durangoko Azokaren hurrengo edizioan izango da ikusgai emaitza.

"Umorea, absurdoa eta poesia"

Irabazleek ez dute saria emateko ekitaldira bertaratzerik izan, baina, bideo batean azaldu dutenez, “oso preziatua” dute laguntza. “Bañolet” telesaila "Nafarroa Behereko adin ezberdinetako biztanleekin aurrera eraman nahi dugun ikus-entzunezko proiektu parte-hartzailea da", azaldu dute. Umorea, absurdoa eta poesia nahastuko dituzte telesailean, protagonista izango den ume taldearen ikuspegitik. "Identitatearen inguruko gogoeta bat proposatu nahi dugu: gizarte antolaketa berriak, hizkuntza eta nazio identitatea...".

Estetikari dagokionez, "Bañolet" "atlantiko kostaldeko itsas giro hotzean" grabatuko dutela azaldu dute sortzaileok, "irudi gordin eta kolorimetria berezi batekin". Lehenengo irudiak Eiheralarren filmatu dituzte.

"Herri oso baten dinamikaren gaineko eragina"

Amancay Gaztañaga aktore, musikari, antzerki zuzendari eta epaimahaiaren ordezkariaren esanetan, "planteamendu berritzaileak herri oso baten dinamikan eragina izango duelako" eman diote saria "Bañolet"i. Epaimahaiak kontuan izan du, halaber, telesailak haurren gogoetak izango dituela ardatz: jokoa, ilusioa, inozentzia...