Itxi

Durangoko Azoka 2022

Durangoko Azoka 2022

2021/12/04

22:22

Durangoko Azoka 2022

Martxan da!

Ahalik eta Durangoko Azokarik onena

Natxo Velez | EITB Media

Ireki dituzte Durangoko Azokaren ateak, iaz ekitaldi digitala soilik izan eta gero aurten izaera digitala eta aurrez aurrekoa, ohikoa, uztartuta.

1:32
Durangoko Alde Zaharra
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Laino likits moduko batek inguratzen gaitu 2020ko martxotik. Ia ezer ez da erabatekoa, ez dagoen apenas irribarre beterik, ezta atsekabe absoluturik ere. Gutxi-asko, denok dugu egunero aurrera egiteko lantegiari batu zaion drama edo ezinegon berriren bat inguruan, eta ezin gara, hortaz, bozkario betean ibili, badaezpada ere; halaber, okerrago dagoenik ere badela esaten diogu geure buruari, egia izan edo ez, eta ezin, beraz, etsipen osorik ere erakutsi.

Itzal alboraezin horrekin hasi da, abenduaren 4 umel honetan, Durangoko 56. Azoka. Ez da betikoa, ezagun zaiguna; lehen ordu hauetan bareagoa da korridoreetako joan-etorrien oihartzuna, baina entzungai dugu ostera ere. Eta ez da gutxi.

Iaz liburuek eta boluntarioek soilik habitatu zituzten espazioek kulturazaleak, sortzaileak eta argitaletxe eta diskoetxeetako langileak elkartu dituzte berriz, nasaiago eta modu ordenatuagoan bada ere (1.200 laguneko txandak daude, eta izena eman behar da webgunean). Musukoa tartean, aforoa mugatuta, lehen aipatutako zama hori soinean, baina elkartu ditu. Eta asko da.

"Bueltan da"

Eguneko egitaraua zabaltzeko, aurrez aurreko Azokaz ari balitz bezala, "Bueltan da" kantatu du Bulego taldeak Plateruenean eskaini duen formatu txikiko (gitarra, teklatua eta ahotsa) disko aurkezpenean, Ahotseneko kontzertu bakoitzerako eskaintzen diren 410 sarrerak agortu dituen publikoaren aurrean. "Erdian oraina" diskoa aurkeztu du azkoitiar taldeak, azkenaldiko fenomeno musikal handienetako batek, ordu erdiko emanaldian.

Bueltan da, jakina denez, Joseba Sarrionandia iurretar idazlea ere, jaioterrira, eta jakin-min handia sortu du bere balizko agerpenak "Kuku! Emozioen bilduma" Ikaselkar argitaletxeak ondutako bildumaren aurkezpen ekitaldian, bere testuak baititu saileko aleetako batek.

'kuku!'. Argazkia: Durangoko Azoka.

'kuku!'. Argazkia: Durangoko Azoka.

Sarrionandia ez da agertu (Landakon gora eta behera bai ikusi dugu gero), baina giro goxoa sortu da Saguganbara espazioan, ume txikien txokoan, Karmele Jaio, Peru Magdalenak, Maite Mutuberriak eta proiektuan parte hartu duten beste hainbat lagunek zuzendu duten aurkezpen atseginean. Emozioetan oinarrituta, umeentzako album ilustratuak eta jolasak eskaintzen ditu sail horrek.

"Baikortasunez eta erantzukizunez"

Lehen egun honetan San Agustin kulturgunean, Durangoko Azokaren egunetan Szenatokia bihurtzen den espazioan, egindako inaugurazio ekitaldian, Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko presidenteak eskerrak eman dizkie Azoka posible egiten ari diren babesle publiko eta pribatuei, eta pozik agertu da zailtasunak zailtasun Durangon batzeko aukera egon badagoelako: "Durangoko Azokaren berezko izate eta xedea bete dugu, topaleku izatea".

"Hasierak emozioz bete gaitu. Eta nahiz eta ez den nahiko genukeen Azoka, baikortasunez eta erantzukizunez egingo diogu aurre", adierazi du Mujikak.

Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko presidentea

Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko presidentea

Pilar Kaltzadak eta Amaia Eguren zeinu hizkuntzako interpreteak aurkeztu duten saioan, Gontzal Mendibil musikariak Xabier Castillo Xeberri zena hartu du gogoan, "Gogoa non dugu" eta "Bagare" kantatuta.

Ordezkari instituzional eta politikoz mukuru egon den ekitaldia amaitzeko, Jon Ander Urresti eta Matxalen De Pedro Horman Poster taldeko kideek performance eder eta interesgarria egin dute, jendea Azokan (ere) kulturaz blaitzera bultzatzeko.

Molde ezberdinez, baina 56. Azoka honek emango du, bada, kulturan murgiltzeko aukera. Ez nahi adina, agian, baina nahi duenak badu aukera. Eta ez da gutxi.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;