Itxi

Durangoko Azoka 2022

Durangoko Azoka 2022

2021/12/05

16:56

Durangoko Azoka 2022

Websaila

Durango-Bañolet-Durango

Natxo Velez | EITB Media

Iaz Durangoko Azokaren hirugarren Sormen Beka irabazi eta urtebetera, "Bañolet" websaila aurkeztu dute gaur Durangon bertan, Irudienea ikus-entzunezkoen gunean, Maia Iribarne eta Paxkal Irigoyen sortzaileek.

  • "Bañolet"en sortzaileak eta aktore taldea, gaurko aurkezpenean

    "Bañolet"en sortzaileak eta aktore taldea, gaurko aurkezpenean

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Durangoko Azokaren altzoan sortutako proiektuaren, urtero kultura topaguneak esleitzen duen Sormen Bekaren, emaitza Durangoko Azokan gorpuztu da gaur, abenduak 5, igandearekin, Irudienea ikus-entzunezkoen plazaren epeletan. Bost egunez Zugaza zinema aretoa izatetik Irudieneko pantailan proiektatzen diren munduei abegi atsegina egitera pasatzen den espazioan proiektatu dituzte gaur "Bañolet" Paxkal Irigoyenek eta Maia Iribarnek idatzi eta zuzendu duten websailaren lau atalak.

'Bañolet'

'Bañolet'

Proiektu parte-hartzailea da "Bañolet" sortzez, Garazi eskualdeko biztanleekin elkarlanean gauzatu dute sortzaileek auzokoak kamera aurrean aktore lanetan jarrita. Eta, halako proiektuari dagokionez, parte-hartzaileen, filmean parte hartu zuen lagunartearen, babes goxoan estreinatu dute gaur Irudienean, tamalez gero eta ezohikoagoa den zinemako giro ederrean, noiz festaria noiz hunkigarria. 50 bat lagun iritsi dira Durangora autobusean Eiheralarre ingurutik, eta bero ederra eman dio horrek ekitaldiari. Ez da egunero gertatzen pantailako izarra ondoko eserlekuan izatea.

Argiak amatatzearekin bat, iniziazio istorio bat aurkeztu digu "Bañolet"ek: aurrera egiteko zerbait atzean utzi behar duenaren bide gorabeheratsua du kontagai websailak, alegiazko herriko umeen begietatik, eta larrimin unibertsal horretan zehar egindako bidaia edertasunez janzteko bokazioz ageri da lanean. Guztira ordubete inguru hartzen duten lau ataletan, pantaila zipriztintzen dute sinbolo bisualek, errealismo magikoak, surrealismoak eta umore beltzak, gurasotasunari, inozentziari, heriotzari, laguntasunari, emantzipazioari, beldurrari, bazterkeriari eta beste hamaika gairi buruz pentsatzeko hauspo gisa.

'Bañolet'
'Bañolet' filmatzeko lanak

Ia esketx gisa ere funtzionatzen duten sekuentziek (eskolako ume-irakasleen pasadizoa, ume suizidarena eta hileta koreografiatua Jose Luis Cuerdaren film batetik ateratakoak izan zitezkeen) gidatuko dute ikuslea Bañoleteko gazi-gozoetan aurrera, aldatu nahi dutenen eta denak berdin irauteko tira (tiro ere esan genezake, websaila ikusi eta gero) egingo dutenen talka etengabea agerian uzten duen lanean.

Ezin zen bestela izan, eta musikak berebiziko pisua du "Bañolet"en, bi zuzendari eta gidoilariak musikariak izanik: Irigoyen Frigo eta Bilau taldeetan eta bere izenpean aritu da eta Iribarne Habia "Animalia naiz eta" disko zoragarria atera duen hirukotean jo eta abesten du. Azokan bertan salgai den "Bloñ" diskoan bildu dituzte "Bañolet" zinez edertzen dituzten doinu askotarikoak. Benetako harribitxi honetan, "Bañolet" herrian bezala, denetarik sartzen da eta dena dago ondo egina, gainera: pop goxoa; funka; sehaska kantak; "Erbiak" biolina, kongak eta Fugaziren oihartzunak nahasten dituen kantu puska; rock progresiboa…

Hala bukatu dute bi sortzaileek gaurko aurkezpena, musikarekin, zinemako pantailaren azpian "Zauri" kantua interpretatzen. Izango ahal gara, "Bañolet"en izpirituarekin bat eta kantak dioen bezala, izan gintezkeena aldez edo moldez, modu askeagoan, arraberritzeko gauza.

Paxkal Irigoyen eta Maia Iribarne

Paxkal Irigoyen eta Maia Iribarne

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;