Itxi

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Abenduak 7-11

Durangoko Azoka aurrepandemikora buelta

N. V. | EITB Media

57. edizioko ardatz nagusiak aurkeztu dituzte gaur antolatzaileek: 176 parte-hartzaile, 248 stand, 689 liburu eta 141 musika-produktu berri, 46 aldizkari eta bestelako 54 produktu egongo dira salgai.

1:19
Durangoko Azoka. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

Durangoko Azokak 57. edizioko egitaraua eta berritasun nagusiak aurkeztu ditu gaur, hilak 24. Topaguneak ohiko formatua berreskuratuko du aurten, pandemiak markatutako bi urte bereziren ostean.

Abenduaren 7tik 11ra, "eztanDA!" lelopean, 930 kultur nobedade egongo dira eskuragarri 248 erakusmahaitan: 689 liburu, 141 musika produktu, 46 aldizkari eta bestelako 54 gai (ikus-entzunezkoak, papergintza…).

Pandemiak utzitako gauzen artean, Azokako online dendak iraungo du covid-19aren ondorengo lehen edizioan, abenduaren 7tik 10era bitartean Azokaren webgunean.

Lehen goiza, ohi bezala, ikasleei eskainita egongo da, abenduaren 7an. Beraientzako programazio berezia egongo da, baina edozein sartu ahalko da Landakora.

Abenduaren 9an, da "Gazte eztanDA!" antolatu dute gazteei begira. Egunean zehar, ohiko ekitaldiez gain: gazte bazkaria (norberak eraman beharko du jatekoa etxetik, eta gazteek elkarrekin bazkalduko dute), EuskarAbenturaren jinkana eta elektrotxaranga.

Gainera, doako autobus zerbitzua berreskuratuko du Azokak, abenduaren 8tik 11ra, bisitariei Azokara heltzeko erraztasunak emateko asmoz. Landako gunea eta inguruko aparkalekuak lotuko ditu zerbitzu horrek.