Itxi

Euskara

Heriotza

Joshua A. Fishman hizkuntzalari eta ohorezko euskaltzaina zendu da

EITB.EUS

Hizkuntza gutxituen gainbehera eta bizirik irauteko arazoak hobeto ulertzeko, beste hainbat hiztun-elkarte ahul edo txikiren egoera aztertu zuen mundu osoan.

Joshua A. Fishman hizkuntzalari eta ohorezko euskaltzaina igandean hil zen, 89 urte zituela. Fishman judu amerikarra zen, eta New Yorkeko Yeshiva unibertsitateko ikerketarako katedradun emeritua.

Euskal Herrian, batez ere, hizkuntza-soziologiaren arloan egindako lanagatik izan zen ezaguna. Baina beste ikergai batzuk ere egin zituen: hizkuntza eta etnizitatea, hizkuntza-plangintza, hezkuntza elebiduna, yiddish hizkuntza eta baita antropologia medikoa ere.

Hizkuntza gutxituen gainbehera eta bizirik irauteko arazoak hobeto ulertzeko, beste hainbat hiztun-elkarte ahul edo txikiren egoera aztertu zuen mundu osoan. Hizkuntza horietako bat euskara izan zen. Horrela, Euskal Herriarekin hainbat harreman izan zituen.

Eta euskararen egoerak isla izan zuen bere hainbat liburutan, bereziki Reversing Language Shift... lanean; frisierari eta euskarari kapitulu osoa eskaini zien bertan. Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izendatu zuen 2010eko urtarrilaren 29an.

Sari ugari jaso zituen, baina bereziki nabarmentzekoa da Unescok 2004an eman zion Linguapax saria.

XX. mendeko bigarren erdian munduko soziolinguistarik trebeenetakoa izan zela azpimarratu zuten.