Itxi

Euskara

Bigarren argitaraldia

Euskaltzaindiaren hiztegi berritua, paperean eta Interneten

eitb.eus

“Euskaltzaindiaren Hiztegia” lanaren bigarren argitaraldia aurkeztu du gaur Akademiak Bilbon: 37.884 sarrera eta 6.944 azpisarrera dauzka lan “moderno, aberats eta erabilgarriak”.

  • Bilbon aurkeztu dute hiztegiaren argitalpen berria. Argazkia: EiTB.

    Bilbon aurkeztu dute hiztegiaren argitalpen berria. Argazkia: EiTB.

Gaur, urriak 6, Euskaltzaindiak Euskaltzaindiaren Hiztegia (II. argitaraldia) lana aurkeztu du Bilbon, BBK Aretoan. 2012an merkaturatu zuen euskara-euskara hiztegia berrituta eta zabalduta dator argitaraldi honetan, eta “modernoagoa, aberatsagoa eta erabilgarriagoa da”, egitasmoaren arduradunek prentsaurrekoan esan duten moduan.

Andres Urrutia euskaltzainburuarekin batera, hauek izan dira lana aurkezteko ekitaldian: Leire Aragon, BBK-ko Gizarte Ekintzaren zuzendaria; Andoni Sagarna, Euskaltzaindiaren Hiztegia egitasmoaren zuzendaria; eta Miriam Urkia, Hiztegi Batuko lantaldeko arduraduna.

Interneten kontsultagarri

Euskaltzaindiaren Hiztegia-ren lehenbiziko edizioa 2012an argitaratu zen, paperean soilik, liburuki bakarrean. Oraingo hau, ordea, askoz handiagoa da, lehenengoaren bikoitza, eta, gainera, paperezko bi liburukitan ez ezik Interneten ere kontsulta daiteke.

Euskara-euskara hiztegia da, eta sarrera edo azpisarreraren kategoria gramatikalak, adierak, definizioak, joskera-adibideak eta, dagozkionean, euskalki eta erregistro-markak, jakite-arloenak eta erabilerarako beste zenbait ohar erakusten ditu.

Bigarren edizio honek 37.884 sarrera eta 6.944 azpisarrera dauzka, 2012koak zeuzkan 20.000 sarreren aldean.

Garrantzi berezia du hiztegi honen Interneteko bertsioak. Paperezkoaren eduki guztiak dauzka, euskarri digitalean kontsultak egiteko hainbat erraztasun eskaintzen ditu, eta, gainera, Euskaltzaindiaren baliabide lexikografiko guztiak eskuragarri jartzen ditu.