Itxi

Euskara

IKERKETAREN EMAITZAK

Euskararen erabilera bost puntu hazi zen Euskaraldiko parte-hartzaileen artean

EITB.EUS

Soziolinguistika Klusterrak Euskaraldiaren lehen edizioari buruz egindako ikerketak ondorioztatu duenez, Euskaraldiak hizkuntza ohiturak 'nabarmen astindu' zituen.

1:43
Euskaraldia. Argazkia: EiTB

Euskaraldiaren lehen edizioak herritarren hizkuntza ohituretan eragin zuela ondorioztatu du Soziolinguistika Klusterrak burututako ikerketak. Guztira, 225.000 herritarrek parte hartu zuten azaroaren 23tik abendura 3ra Euskaraldiaren lehen edizioan, eta 2020ko udazkenean egingo da bigarren edizioa egingo da.

Soziolinguistika Klusterra arduratu da ikerketa teknikoki aurrera eramateaz, Eusko Jaurlaritzarekin, Nafarroako Gobernuarekin, Euskararen Erakunde Publikoarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Topagunearekin lankidetzan.

Gaur goizean Donostian egindako prentsaurreko batean "Euskaraldia I. Emaitzen azterketa" azterlanaren emaitzak jakinarazi dituzte, eta bertan izan dira Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; Garbiñe Mendizabal, Hizkuntza Berdintasuneko Gipuzkoako diputatua; Elena Laka, Euskaltzaleen Topaguneko presidentea; Pello Jauregi, ikerketaren zuzendaria eta Uxoa Anduaga, Soziolinguistika Klusterreko ikerlaria.

Pello Jauregi ikerketaren zuzendariak azpimarratu duenez, "Euskaraldiak parte-hartzaileen hizkuntza-erabileran aldaketa handiak eragin ditu ariketaren 11 egunetan, eta hiru hilabete beranduago aldaketa horiei proportzio altuan eutsi egin zaie". Uxoa Anduaga soziologoak, bere aldetik, nabarmendu duenez, "euskaraz mintzatzeko gaitasun txikiagoa dutenek egin dute aldaketarik handiena; Euskaraldiaren hasieran euskarazko gaitasun eta erabilera altua zutenek edo zonalde oso euskaldunetan bizi zirenek baino aldaketa handiagoa".

Ondorio nagusiak

1.    Parte-hartzaileek neurri handian eskatutako eginkizunak bete dituzte. Esaterako, ahobiziek betetze maila altua izan dute ulertzen dutenekin euskaraz egiteko jardunean, bai eta ezezagunekin lehen hitza euskaraz egiteko zereginean ere. Belarriprestentzat nekezago suertatu da euskaldunei euskaraz aritzeko eskaera luzatzea, kasurik gehienetan jokabide arrotzat hartu delako.

2.    Parte-hartzaileen hizkuntza erabilerari dagokionez aldaketa handiak ekarri ditu Euskaraldiak ariketaren 11 egunetan, eta aldaketari proportzio esanguratsuan eutsi zaio Euskaraldiak bukatu eta hiru hilabetera ere. Parte-hartzaile askok aipatu du testigantzetan ariketa motza geratu zaiola, hamaika egun ez baitira egun asko.

3.    Hizkuntza bilakaerari dagokionez, aldaketa handiagoak egin dituzte euskaraz mintzatzeko gaitasun txikiagoa dutenek, euskaraz egiteko ohiturarik gutxien dutenek eta gune soziolinguistikorik erdaldunenetan bizi direnek. Aldiz, ez dute hainbesteko aldaketarik egin Euskaraldiaren hasieran hizkuntza gaitasun altua erakutsi dutenek, jada euskaraz egiteko joera nabarmena dutenek eta gune soziolinguistikorik euskaldunetan bizi direnek.

4.    Aldaketak orokorrak izan dira ahobizi eta belarriprestentzat. Denek egin dute aurrera euskararen erabileran, baina aldaketarik handiena egin dutenak ahobizi euskaldun hartzaileak izan dira. Ondoren datoz belarriprest euskaldun hartzaileak; hirugarrenik, belarriprest euskaldun osoak eta azkenik, ahobizi euskaldun osoak.

5.    Euskaraldian ahobizi euskaldun osoa kategoria kopurutan guztiz nagusitu bada ere, datuek beste aukera batzuen aberastasuna ere utzi dute agerian, besteak beste: a) Euskaraz hitz egiteko muga batzuk izan arren, ahobizi eginkizunari heltzeko aski adorea izan dutenak (ahobizi euskaldun hartzailea); b) Euskaraz hitz egiteko arazorik ez eduki arren belarriprest eginkizunari heldu diotenak (belarriprest euskalduna) eta c) Euskaraz aritzeko zailtasun nabariak eduki eta belarriprest zereginean aritu direnak (belarriprest euskaldun hartzailea).

6.    Euskaraldiak bi mekanismo sakon abiatu ditu euskararen erabilera bultzatzeko garaian. Lehena, gizarte hitzarmenaren mekanismoa. Hau da, txapa identifikagarriei esker jende askok (ahobiziek bereziki) bultzada handia sentitu du euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egiteko. Bigarrena, hizkuntza simetriaren mekanismoa. Hots, batzuek euskara erabiltzeak besteei euskaraz erantzuteko beharra piztu die. Bi mekanismo horiek elkar elikatu dute joan-etorrian euskararen erabileraren gurpila abian jartzeko.

7.    Euskaraldiak euskararen erabilera indartzeko baldintza sozio-afektiboak eraikitzen asmatu du. Gauzak horrela, euskaraz egin nahi zuenak zilegitasun soziala nabaritu du lasaitasunez jokatzeko, eta hainbatek zentzua ikusi dio hizkuntza nagikeria gainetik kentzeko. Zailtasunak zituenak euskaraz egiteko adorea eskuratu du, lotsak eta beldurrak zertxobait zokoratuz. Eta, era berean, erdara erabili ahal izatea (euskarazko komunikazioa oztopatu gabe) tresna auto-erregulatzaile indartsua gertatu zaio euskaraz egiteko zailtasunak zituen hainbati.

8.    Euskaraldiak hizkuntza praktiken inguruko ikuspegi errealistagoa ekarri dio parte-hartzaile askori. Norbere hizkuntza jokaera "idealizatu" samarra zuen parte-hartzaile asko konturatu da benetan uste baino gutxiago egiten duela euskaraz. Beste hainbatek ikusi du Euskaraldia hasi aurretik hain zailak iruditzen ez zitzaizkion jardunak uste baino korapilatsuagoak direla. Horretaz gai, euskaraz ulertu eta hitz egiten duen uste baino jende gehiago dagoela ikusi dutenak ere badira.

 9.    Aurrerapen txikiak egon diren arren, zailtasunik handienak hiru alderdi hauetan egon dira: a) Euskaraz ulertzeko eta hitz egiteko gaitasun mugatua dutenekin euskaraz jarduteko jokabidea ez da asko zabaldu. b) Ele biko elkarrizketari luze eusteko (nahiz eta aurrerapauso interesgarriak ikusi diren). c) Solaskideari euskaraz aritzeko gonbita edo eskaera (asertiboa) egitekorakoan deseroso samar sentitu da parte-hartzaile asko, bereziki belarriprest zereginean ibilitakoak.