Itxi

Euskara

Euskaltegiak

B2 mailara arteko ikasketak doan izango dira Gipuzkoako euskaltegietan

Agentziak | Erredakzioa

Gipuzkoako Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak hitzarmen bat sinatu dute, Aldundiaren ekarpena gehituta, B2ra arteko maila egiaztatu dutenei matrikula %100ean itzultzeko.

  • Euskaltegiak

    HABE arduratuko da laguntza kudeatzeaz, orain arte bezala

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak eta Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak hitzarmena sinatu dute gaur Foru Jauregian, lurralde horretan euskaltegietako ikasketak doakoak izan daitezen B2 mailara arte.

HABEk eta udalek euskara ikasleei ematen dieten dirulaguntzari gehituko zaio orain Aldundiaren ekarpena, eta, horrela, 2019an dagoeneko B2ra arteko maila egiaztatu dutenei matrikularen balioa % 100ean bueltatuko zaie.

Aldundiaren laguntza hori HABEren bitartez kudeatuko da, eta, ondorioz, ikasleek HABEn egindako dirulaguntza eskaria nahikoa izango da Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jasotzeko, eskaera bikoiztu beharrik gabe. Zehazki, 42.457 euro bideratu ditu Aldundiak euskaltegietako ikasleei zuzendutako dirulaguntza osagarrien lerro horretara.

Zupiria sailburuaren hitzetan, “herri mailako apustu partekatua” da hau, eta gogora ekarri du Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu zuela 2020rako euskara ikastea, B2 mailara arte, doakoa izango zela.