Itxi

Euskara

Dirulaguntzak

B2 mailara arte euskara ikastea doakoa da dagoeneko EAEko euskaltegietan   

Ikasleek bi baldintza bete beharko dituzte horretarako: gutxienez klaseen % 75era joatea eta dagokien maila gainditzea.

  • Euskara ikastea doakoa izango da

    Euskara ikastea doakoa izango da EAEko 103 euskaltegietan

Euskara ikastea doakoa izango da B2 mailara arte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako euskaltegi guztietan, Eusko Jaurlaritzak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek eta EUDELek (ekimena diruz lagunduko dute) gaur goizean iragarri dutenez.

Laguntzak jasotzeko eta euskara ikastea doakoa izan dadin, ikasleek bi baldintza bete beharko dituzte: % 75eko asistentzia bermatu eta B2 mailara arte dagokien maila gainditu. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 103 euskaltegi daude, eta 35.000 ikaslek ematen dute izena ikasturtero. Ikasle guztien % 70ek B2 mailan edo beherakoetan ematen dute izena.

Lau milioi euroko inbertsioa

Doakotasuna lortu ahal izateko, erakunde bakoitzak bere ekarpena egingo du, guztira  3.928.000 euro pilatzeko. Eusko Jaurlaritzak 3.000.000 euro jarriko ditu aurten; Arabako Foru Aldundiak, 185.000 euro; Bizkaiko Foru Aldundiak, 480.000 euro; Gipuzkoako Foru Aldundiak, 42.000 euro; eta, azkenik, udalek 221.000 euro.

Ekarpen horiez gain, erakundeek bestelako dirulaguntzak emango dituzte C1 eta C2 mailetako ikasleentzat, baina kasu horietan ezin izango da bermatu erabateko doakotasuna.

Prozedura eta epeak

Dirulaguntzak emateko prozedurari dagokionez, 2020ko irailera arte bi bide egongo dira. Alde batetik,  A1, A2 eta B1 mailen kasuan, euskaltegien bidez maila egiaztatzen duten ikasle guztiek dirulaguntzak jaso ahal izango dituzte, betiere asistentzia baldintzak ere betetzen badituzte.

Bestetik, B2 mailako ikasleen kasuan, HABEk kudeatutako B2 azterketa gainditu beharko dute dirulaguntza jaso ahal izateko eta ikasprozesua doakoa gerta dakien. Hala ere, irailetik aurrera maila guztietako ikasleentzat, B2koentzat barne, nahikoa izango da euskaltegiko maila gainditzea.

Diru-laguntzak jasotzeko epeari dagokionez, 2020ko urtarriletik irailera arte A1, A2, B1 edo B2 maila gainditzen dutenek abenduan jasoko dute laguntza. Zenbatekoari erreparatuz, ikasleak maila hori gainditzeko jarritako diru-kopurua itzultzera joko da, betiere ikasprozesuaren kostuen baitan.