Itxi

Gastronomia

50 seconds

Martin Berasateguik jatetxe berria irekiko du Lisboan, urrian

Agentziak | Erredakzioa

50 seconds jatetxeak izena zor dio igogailuak bezeroak 120 metroko altuerara dagoen jangelaraino eramateko behar duen denborari, eta “gauzatutako ametsa” da lasartearrarentzat.

1:21

Martin Berasategui gipuzkoar sukaldariak 50 seconds jatetxe berria irekiko du urrian Lisboan, Myriado hotelak hartzen duen Vasco da Gama dorrean, 120 metroko altueran.

Berasateguik eta Sana portugaldar hotel multzoak adostuta sortu dute jatetxea, eta 35  lagunentzako tokia izango du. Igogailuak bezeroak atetik jatetxera eramateko behar duen denborari zor zaio izena.

Euskal sukaldariak jatetxe berriaren aurkezpenean esan zuenez, bere ibilbideko “erronka nagusietako bat” da eta “gauzatuta ametsa”.

Jatetxeko lantaldearen buruan Filipe Carvalho egongo da, Portugalgo egungo gastronomiaren izen nagusietako bat, eta ondoan izango ditu Maria Joao Gonçalves gogogintza burua, Inacio Loureiro jangelako arduraduna eta Marci Pinto sommelierra.

Sukaldariaren esanetan, lantalde “gaztea eta nortasun handikoa” da eta “gogo bizia” dute zerbait handia egiteko espazio berria, zeinetan dastatze menua eta kartako platerak tartekatuko baitira, portugaldar produktu asko eskiniko dituztela.

Helburu nagusia “lehen egunetik egin dudan bezala sukaldaritzaz gozatzea” izango du Berasateguik, baina ez du ezkutatu Lisboan Michelin izarra, bederatzigarrena, lortzeko gogoa duela: “Ematen badigute, oso ondo egongo da; ematen ez badigute, lortu arte jarraitu beharko dugu lanean”, esan du.