Gastronomia
Sukaldaritza eskola
Hasi da ikasturtea Donostiako Basque Culinary Centerren
Erredakzioa
Guztira, 70 ikasle aukeratu dituzte, 340 hautagairen artean. Horietatik 56k hasi dute ikasturtea astelehen honetan.
Joan den irailaren 26an egin zuten inaugurazio ekitaldiaren ondoren, Donostiako Basque Culinary Center goi mailako sukaldaritza eskolak astelehen honetan ireki ditu ateak ikasleentzako.
Guztira, 70 ikasle izango dira lehen ikasturte honetan, eta prozesu luzea gainditu behar izan dute bertan ikasteko: 340 hautagairen artean aukeratu dituzte. Matrikulatutako 70 horietatik, 56 neska-mutil izan dira astelehen honetan ikasturtearen estreinako egunean. Gutxienez batxilergoko ikasketak dituzte, baina sukalde lanetan inongo esperientziarik ez. Horietatik 23 euskaldunak dira, 27 beste erkidego batzuetakoak, eta 6 berriz, atzerrikoak. Gainontzeko 14 ikasleak hainbat ostalaritza eskolarik datoz, eta urtarrilean ekingo diete ikasketei.
Prezioa ere galbahea da: 8.000 euro urtean, nahiz eta 25 lagunek Mondragon Unibertsitateko beka programa baliatuko duten.
Lehen egunean, eraikina eta irakasleak ezagutu besterik ez dute egin; baina, bihartik aurrera, serio hasi beharko dute ikasten.