Itxi

2019/04/14

08:12

Korrika 2022

Korrika 21

'Klika! Instalatu eta elika! Euskarak behar du herri honen sistema eragilean'

eitb.eus

Iritsi da Korrikaren lekukoa Gasteizera, milaka lagun zain zituela. Maialen Lujanbio bertsolariak idatzi eta irakurri du azken mezua, euskarari bere lekua eman eta emanarazteko eskatuz.

1:17
Maialen Lujanbio hernaniarra, Korrikaren mezua irakurtzen
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Eguerdian, Gasteizen, amaitu da 21. Korrikaren edizioa, eta Andra Mari Zuriaren Plaza jendez lepo zela argitu da azken 11 egun hauetan lekuko barruan joan den mezua.

Egileak, Maialen Lujanbio Euskal Herriko bertsolari txapeldunak, irakurri du mezua 12:30ak jota. Mezuaren edukia bezain isilpean gorde da egilearen identitatea une horretara arte, eta txalo zaparrada jaso du Mertxe Mugika AEKko koordinatzaile nagusiarekin batera azken metroak egiteko bistaratu denean.

"Euskara gaur egun arte, ta Gasteizaino KORRIKA, ekarri dugunoi: biba, gora, eutsi, goza..." esanez hasi du testua. "...Klika! Hizkuntza ez da edukitzekoa. Lizuna egiten zaio barruan gordeta, lika" jarraitu du.

Horregatik "instalatu eta elika" aldarrikatu du, "Euskarak behar du herri honen sistema eragilean".

Euskarari behar den lekua emateko eta emanarazteko eskatu du Lujanbiok: "Hizkuntza bat dugu ahulguztiduna. (...) Hala ere, korrika egiten dugu. (...) Izan ere, hainbeste maite gaituzte erakundeek, alderdiak politikoek, komunikabideek... korrika gabiltzala... (...) zergatik gutxietsiko ote gaituzte hainbestetan oinez gabiltzanean?"

"Egin eragin, eginarazi" ihardetsi du Lujanbiok, "Aukerak eskaini eta euskara eskatu. Datozenei ere eman euskaran, ospatu eta eskertu eta ospatu".

Eta ildo beretik jarraitu du, "Mundu bat euskarak, mende erdia Euskara Batuak, eta ehunka milaka bizitza eta gogo EUSKARA BATUAK" aldarrikatuz amaitu arte. ('Klika! Sistema eragilean' testu osoa hemen).

Mertxe Mugikak hitza hartu eta benetan eskerrak eman dizkio Lujanbiori bere testuagatik eta "euskaraz bizitzeko aukera egin dugunok Euskal Herriko sistema eragilean egin behar dugu klika" berretsi du hark ere.

Iñaki Viñaspre Arabako Bertsolari txapeldun izendatu berriarekin bertso bate kantatuz amaitu da ekitaldia, eta lehertu da egun osoko festa Gasteizen.

Egitaraua

Egun osoko jaia dago gaur Gasteizen. Foru plazan kontzertuak izango dira 14:00etatik aurrera: Libe, Trikoma, Koban eta Gozo-Gozo erromeria. Buruileriak plazan, Mice, Konpost eta Ene Bada! entzuteko parada izango da.

Gainera, Enparantza Berrian magia, tailerrak eta "akrobazia ikuskizun emozionala" egongo dira publikoaren gozagarri, eta dantza eta bertso saioak Aihotz plazan. Sabela betetzeko aukerak ere egongo dira eskura, hala nola, Landatxo kiroldegiko jantokia eta artisau azokak, Probintzia plazan eta Posta kalean.

08:20ean sartu da Korrika Gasteizera

Korrikaren 11. egunean, 08:20 aldera sartu da Arabako hiriburuan euskararen aldeko lasterketa, eta 12:30etan gelditu da aste eta erdian lehenengoz. Lau ordu horietan Gasteizko auzo guztiak igaro dituzte korrikalariek, lekukoa eskuz esku pasatuz, Andra Mari Zuriaren Plazara, amaierara, iritsi arte.

Bidean, erritmoa bizitu edo mantsotzen zuen furgonetaren animoekin ibili dira korrika gasteiztarrak, festa giroan. Ehunka lagun sartu dira Gasteizera, eta bidean, gehituz eta gehituz joan dira lasterkariak, milaka izatera iritsi arte.

Gauean, Zeanuri (00:00), Arrasate (03:38), Leintz Gatzaga (05:30) eta Legutio (06:09) zeharkatu dituzte, besteak beste, parte-hartzaileek, eta Erretana nahiz Durana pasata sartu dira Gasteizera.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;