Itxi

Korrika 2022

Korrika 2022

Korrika 2022

Ibilbidea

Amurriotik Donostiara, 2.180 kilometroko bidea du euskarak Korrikaren 22. edizioan

LUZIA ZUGADI | EITB MEDIA

Araba izango da Korrikak aurten zapalduko duen lehen lurraldea. Martxoaren 31n 2.000 kilometrotik gorako ibilbideari ekin, eta Euskal Herri osoa zeharkatu ostean, Gipuzkoako hiriburuan entzungo da euskararen aldeko azken aldarria apirilaren 10ean.

  • Amurriotik Donostiara, 2.180 kilometroko bidea du euskarak Korrikaren 22. edizioan

    Amurriotik Donostiara, 2.180 kilometroko bidea du euskarak Korrikaren 22. edizioan

Iazko azaroan eman zuten jakitera Korrikaren 22. edizioak Amurrio eta Donostia lotuko dituela, 2.180 kilometroko ibilbidea eginda. Ohi bezala, euskararen aldeko oihuak Euskal Herri osoa zeharkatuko du hamaika egunean, covid-19aren pandemiak behartutako etenaldiaren ondoren. 

Martxoaren 31n emango ditu lehen urratsak lasterketak, 16:29an. Orduantxe abiatuko da Korrika Aiaraldea eskualdetik, Artziniegarako bidea hartuta. Hainbat herri zeharkatu ostean, 18:15 aldera sartuko da bertan, eta Burgosen sartu-irtena eginda, Enkarterrira zuzenduko da, besteak beste, Balmaseda, Zalla eta Gueñes zapaltzeko.

22:00ak aldera, Araban barneratuko da atzera, eta Laudio inguruan ibiliko da lekukoa bueltaka, berriro Bizkaian sartu arte. Gautarrenek Hego Uribetik egingo dute ibilbidea gauerdian (Basauri, Etxebarri eta Galdakao), Durangaldera heldu arte. 03:30ean iritsiko da Korrika Zornotzara, eta Iurreta, Durango, Abadiño eta Elorrio harrapatuko ditu geroago.

Apirilaren 1ean, egun argitan, Berrizen eta Ermuan entzungo da euskararen aldeko aldarria. Handik Gipuzkoarako bidea hartuko du. Eibar, Elgoibar, Bergara eta Arrasate igarota, Gasteizera iritsiko dira lasterkariak 17:09an. Bestalde, gauerako utziko dute Agurain.

Apirilaren 2an, Sakanan barrena ibiliko da Korrika (Altsasu, Etxarri Aranatz eta Uharte) eta Iruñerrian izango da 09:00etarako, gutxi gorabehera. Auzoz auzo, iruindarrek bide luzea izango dute aurretik. Hegoalderako noranzkoa hartuta, Tafallan bukatuko du eguna.

Apirilaren 3rako gorde beharko dituzte indarrak Erriberako bizilagunek. Hainbat kilometroko tarte luzea zeharkatuta, eguerdirako espero da Korrika Tuteran. Arratsaldean ere, Nafarroako lurrik lehorrenak bisitatuko ditu, Zangozerria jomuga duela.

Apirilaren 4an, nekez igoko dituzte Pirinioetako aldapak korrikalariek, Izaba, Otsagabia eta Orreagako paraje ederrak lagun. Ipar Euskal Herrian bukatuko du eguna, Donibane Garazi (17:00) eta Maule (21:28) atzean utzita.

Apirilaren 5ean, Nafarroan egongo da berriz ere Korrika; Baztanen, Ultzaman, Sakanan eta Estellerrian, hain zuzen.

Egun bat geroago, apirilaren 6an, Trebiñu eta Gorbeialdean egingo ditu lasterketak lehenengo pausoak, Bizkaiko barnealdea jomugan duela: Arratia eskualdea eta Txorierri lehenengo, eta Bilbo geroago. Bizkaiko hiriburura Elorrietatik sartuko da, 19:28an, eta Zorrotzatik irtengo da, 23:48an.

Ezkerraldeari (Barakaldo eta Sestao) egokituko zaio, bestalde, apirilaren 7an "Hitzekin" leloa bidean barrena eramatea. Ondoren, Meatzaldera egingo du jauzi, berriro ere Ezkerraldera bueltatu orduko (Santurtzi eta Portugalete). Getxoztarrek goiz esnatu beharko dute egun horretan. Kresal usaina dariola, Uribe Kostako eta Uribe Butroeko herri gehienetan izango da Korrika, Busturialdean sartu eta Gernika-Lumora heldu arte. Arratsalde-gau parteko bisiten artean izango ditu Lekeitio, Markina-Xemein eta Ondarroa.

Azken txanpan sartuta, Gipuzkoatik ibiliko da bederatzigarren egunean, hots, apirilaren 8an: Deba, Zestoa, Zumaia, Getaria, Zarautz, Orio, Lasarte, Tolosa, Azpeitia...

Urretxu eta Zumarragako bizilagunek arratsaldez egingo dute arineketan, baita goierritarrek ere: Lazkao, Beasain, Ordizia...

Apirilaren 9an, baina, oraindik Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian egin gabe dituen kilometroak agortuko ditu Korrikak: Leitzaran, Bortziriak, Senpere...

Baionan ere ez du hutsik egingo. 17:28an ailegatuko da bertara, eta 19:37an utziko du Lapurdiko hiriburua.

Biarritz, Donibane Lohizune eta Urruña agurtu eta Hendaiatik pasatu ostean, helmugara begira jarriko da apirilaren 10ean, aurtengo lasterketari bukaera emate aldera. Irun, Hondarribia, Errenteria eta Hernani egin, eta, azkenik, Donostian itxiko du 22. edizioa. Añorgan egingo diote ongietorria 07:36an, eta 12:29an amaituko du 2.180 kilometroko bidea, milaka euskaltzalek euskararen beharra hauspotzen duten bitartean.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena