Korrika 2022
22. edizioa
eitb.eus-en ikusgai daude jada Korrikaren ibilbidea eta bilatzailea
LUZIA ZUGADI | EITB MEDIA
22. Korrikak herriz herri egingo duen bidea eitb.eus webgunean ikus daiteke gaurtik aurrera. Gainera, tokian tokiko bilaketak egiteko aukera dago bertan, bilatzaileari esker. Korrika zuen herritik noiz eta zer ordutan pasatuko den jakin nahi al duzue?
-
2019ko Korrika Donostian. Argazkia: AEK
Atzerako kontaketan sartuta, Korrikaren 22. edizioa abiatzeko zenbat egun falta diren zenbatzen ari dira dagoeneko martxoaren 31tik aurrera, herriz herri, euskarari hauspoa ematen ibiliko diren euskaltzaleak.
Gosegarri gisa, aurten Korrikak Euskal Herri osoan zehar egingo duen ibilbidea argitaratu du eitb.eus-ek. Dakizuenez, Amurrion emango ditu lehenengo urratsak, eta Donostiara arte eramango dute lekukoa lasterkariek. Hain zuzen ere, apirilaren 10ean iritsiko da Gipuzkoako hiriburura, 2.180 kilometroko bidea eginda.
Tartean, baina, Euskal Herri osoa zeharkatuko du, eta herri bakoitzetik noiz eta zer ordutan pasatzen den jakiteko, bilatzailea izango du eitb.eus-en eskuragai.