Itxi

Korrika 2024

Korrika 2024

Korrika 2024

22. edizioa

"Hautsi da Anphora" ikuskizuna edo "eRRe" eta "Antigone" antzezlanak, Korrika Kulturalean

EITB MEDIA

Asier Amondo Korrikako arduradunak azaldu duenez, aurtengo edizioa "trantsiziotzat" dute; izan ere, hemendik aurrera AEK-k eskainitako kultur sorkuntzarako bekaren inguruan garatuko da.

  • Korrika Kulturalaren 22. edizioa

    Korrika Kulturalaren 22. edizioa

Beste behin, herriz herriko eskaintza zabala proposatzen du 22. edizioko Korrika Kulturalak. Aurtengo emanaldien artean aipatzekoak dira, besteak beste, Ruper Ordorikaren "Hautsi da Anphora" ikuskizuna, baita "eRRe" eta "Antigone" antzezlanak ere. Berrikuntzen artean, nabarmentzekoena Kulturalaren "Menua"-n datza; hau da, herriz herriko kultur emanaldiak programatzeko AEK-k osatutako katalogoa.

Asteazken honetan aurkeztu dute Asier Amondo Korrikako arduradunak eta Aitziber Balantzategi AEK-ko eledunak 22. edizioko Korrika Kulturala Derion, Baserri Antzokian, hainbat artistaz lagunduta. Hiru urteko etenaren ostean, aurtengoa "trantsiziotzat" dute, Amondok azaldu duenez; izan ere, hemendik aurrera AEK-k eskainitako kultur sorkuntzarako bekaren inguruan garatuko da.

Hori, baina, 23. Korrikatik aitzinera izango da. "Korrika Kulturaleko ekitaldi nagusia bekarekin taxutuko dugu", nabarmendu du Korrikako arduradunak. "Bi urtez behin lan bat sarituko du AEK-k; euskal sortzaile ororentzat izango da, diziplina anitz edo bakarra barnebil dezake, eta lanaren emanaldiek agertoki edo plaza batean aurkezteko modukoak izan beharko dute".

Aurtengo proposamenak jaso dituzte dagoeneko, eta epaimahaiaren esku daude. Apirilean emango dute bekaren irabazlearen berri. Nolanahi ere, bekarena hurrengo Korrikarako gaia da momentuz.

Hala, Loraldia Festibala izango da, beste behin ere, Korrika Kulturalaren bidelagun, eta "Hautsi da Anphora" ikuskizuna aurtengo ediziorako proposamena. Ruper Ordorikaren azken proiektua da, Bernardo Atxaga eta Mugalaris taldearekin elkarlanean egina. Amaia Ocerin Loraldia Festibaleko ordezkariak prentsaurrekoan aurreratu duenez, Euskal Herriko sei udalerritan ikusi ahalko da: Senperen, Iruñean, Bilbon, Eibarren, Gasteizen eta Errenterian.

Halaber, bestelako sorkuntza-lanak sustatu eta hainbat herritara eramaten lagunduko du Korrika Kulturalak: besteak beste, "eRRe" ikuskizuna (Lanku kultur zerbitzuen eskutik); eta "Antigone edo ezetzaren beharra", Horman Poster kolektiboak moldatutako klasikoaren bertsio librea.

Herriz herriko "menua" osatzeko katalogoa

Korrikaren webgunean "Menua" izeneko baliabidea txertatu dute, "Kulturala" atalean, hau da, 22. Korrika Kulturalaren baitan antola daitezkeen ekintzen katalogoa, udalerri orori irekia. Horretaz gain, webguneak Korrika Kulturalaren aterkian programatuko diren ekitaldi guztien berri ere jasoko du, "Agenda" atalean.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena