Literatura
Argitalpena
'Zaindari ikusezina' eleberriaren ezusteko arrakasta
Dolores Redondoren eleberriaren zinemarako eskubideak erosi ditu 'Millenium' sagako ekoizleak, eta hamar hizkuntzatara itzuliko dute.
Dolores Redondo idazle donostiarrak 'Zaindari ikusezina' argitaratu berri du ('El guardián invisible', gaztelaniaz), eta Peter Nadermann 'Millenium' sagako ekoizleak trilogiaren lehen zatia zinemara eramateko eskubideak erosi ditu. Gainera, euskarazko, galegozko, frantsesezko, alemanezko, italierazko, portugesezko eta norvegierazko itzulpenak amaituta daude.
'Zaindari ikusezina' lanak jasotzen duen istorioa Elizondon gertatzen da, eta Amaia Salazar inspektorearen ikerketa bat du ardatz, nerabe batzuen hiltzailea bilatzen saiatuko baita. Bertako mitologiak paper garrantzitsua du gainera istorioan. Horrela, kaleratu orduko arrakasta handia lortu du eleberriak.
Lan motzak eta umeentzako ipuinak idazten hasi zen Dolores Redondo, eta "Los privilegios del ángel" izan zen bere lehen eleberria.
Egilearen esanetan, trilogia baten lehen alea da, Amaia Salazar insomnioduna du protagonista, eta bigarrena ia amaituta duela aurreratu du; heriotza gehiago izango dira bertan, eta Nafarroako inspektoreak gurasoekin, Flora eta Ros ahizpekin eta Engrasi izeba maitearekin bizi izan zuen gaztaroa erakutsiko du. 'Zaindari ikusezina' eleberriaren gaztelaniazko bertsioa Destino argitaletxeak kaleratu du; katalanezkoa Columnak, euskarazkoa Ereinek eta galegozkoa Xeraisek. Frantzian, Herbehereetan, Britainia Handian, Italian, Portugalen, Txekiar Errepublikan eta Turkian hurrengo hilabeteetan kaleratuko dute.
Serie-hiltzaile baten istorioa idazteaz gain, mezua igorri nahi zuen egileak; izan ere, bere hitzetan, "pertsona heldu batentzat ez dago ezer beldurgarriagorik gaindituta uste zuen izu bat bueltatzea eta norbera akabatzea baino".
Istorioa, esan bezala, Baztanen gertatzen da, baso mardul, kobazulo eta mitologiako pertsonaia artean. Besteak beste, Basajaun (izenburuan ere pertsonaia horri egiten zaio erreferentzia) agertzen da bertan, eta baita belagileak eta Mari bera ere.