Literatura
Argitalpena
Blas de Oteroren lan guztiak, liburu bakar batean
"Obra completa" (Galaxia Gutenberg argitaletxea) liburuak Bilboko idazleak 1935 eta 1977 bitartean idatzitako testu guztiak jasotzen ditu.
Blas de Otero idazle bilbotarraren prosaz zein bertsoz idatzitako testu guztiak liburu batean jaso dituzte. Poeta existentzialista eta soziala errepasatzeko aukera ematen du lan horrek, baina baita bere alderdi komikoa ere.
Sabina de la Cruz poetaren alarguna eta Blas de Otero fundazioko presidenteak "Obra completa" (Galaxia Gutenberg argitaletxea) aurkeztu du Bilbon. 1935 eta 1977 urteen bitartean sortu zituen lan guztiak jasotzen ditu. "Blas hil zenean bere karpetak ireki nituen eta nire bizitza osoa eman dut bere lana biltzen eta ikertzen", adierazi du alargunak.
1.274 orriko lan bat da emaitza, argitaratu zituen liburu guztiak jasotzen dituena. Hil osteko lan bat ere dakar, "Hojas de Madrid con La galerna" izenekoa, eta argitaratu gabeko beste bi: "Poesía e Historia" (bertsoz) eta "Nuevas historias fingidas y verdaderas" (prosaz), pasarte "oso barregarriak" dakarrena.
Egilearen autobiografia motz bat dakar, "Historia (casi) de mi vida" izenpean. Bilbo agertzen da, bere haurtzaroa, familia eta lagunak. "Lan luzea eta zaila izan da. Urteak eman ditut lan guztiak jasotzen", adierazi du Sabina de la Cruzek.